Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Nafarroan zergak moduluen sisteman ordaindu ahal izateko fakturazio muga 250.000 eurora igo du Ogasunak

Nafarroako Foru Ogasunak 250.000 eurora igo du 2023an BEZaren erregimen sinplifikatuan zergak ordaindu ahal izateko muga. Aurreko urteetan 150.000 eurokoa izan da muga hori. Joan den astelehenean, azaroaren 21ean, Hiruko ordezkariak, Ekonomia Departamentuko eta Nafarroako Foru Ogasuneko arduradunekin bildu ziren eta 2023rako muga 250.000 eurora igotzea erabaki. Ohi bezela Tradisna eta Aneteko ordezkariak izan ziren eta asteleheneko bilerara Plataforma eta Anatravikoak ere gonbidatu zituzten.

Duela 15 egun, Ogasuneko arduradunek jakinarazi zuten 2023an fakturazio-muga 150.000 eurokoa izango zela, 2022rako bezala. Kopuru hori baino gehiago fakturatzen dutenek ezin zuten zergarik ordaindu BEZaren erregimen sinplifikatuan. Astelehenean tartea 250.000ra igotzea onartu zuten.

Hiru sindikatua eta Nafarroako garraiolari autonomoak asko arduratzen zituen horrek, haietako askok ezin izango baitzuten moduluen sistema aukeratu. Garraiolariaren irabazia edo errentagarritasuna ez da handitu, baina bai haren fakturazioa, azken hilabeteetan izandako gastuen igoeragatik. Beraz, ibilgailu bakarreko garraiolari autonomo asko modulutik kanpo geratzeko arriskuan zeuden Nafarroan, ez diru-sarrerak edo irabazi-marjina handitu dituztelako, fakturazioaren igoeraren ondorioz baizik: 2022an erregaiaren prezioen eta beste gastu batzuen igoera konpentsatzeko tarifak berrikusi dituztelako gainditu dute euren fakturazioak muga.  

Asteleheneko bileran Elma Saiz Nafarroako Ekonomia kontseilariak eta Oscar Martinez de Bujanda Foru Ogasuneko zuzendariak parte hartu zuten, zerga-sisteman aldaketa horiek onartu zituen bileran. BEZaren erregimen sinplifikatu osoa estatuko arauan oinarrituko da: fakturazioaren muga 250.000 euro eta 4 ibilgailukoa izango da, 2023rako BEZaren erregimen sinplifikatuaren baldintzak ezartzen dituen foru agindua argitaratzen den unetik aurrera. Azpimarratzekoa da Errentan muga 200.000 eurokoa dela.