Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Epaitegiak onartu egin du Hiruk bidesariaren arduradunen aurka jarritako salaketa

Donostiako Instrukzioko 1. Epaitegiak onartu egin du Hiruk Gipuzkoako N-1 eta AP 15 errepideetan kamioiei ezarritako bidesariaren arduradunen aurka jarritako salaketa, hain juxtu ere, tasa bertan behera utzi zuten epai judizialak ez errespetatzeagatik jarritakoa. 

Ana Isabel Perez Asenjo epaileak ikerketa eta aurretiazko izapideak abiatu ditu “prebarikazioa egon daitekeen” argitzeko. Oraingoz, eta beste erabaki batzuk hartu aurretik, Ertzaintzak garraiolariei kanona kobratzen jarraitzen duten egiaztatzeko agindu du.

Aipagarria da horri buruz, Aldundiak kobratzen jarraitzen duela, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Auzitegi Gorenaren ez dakigu ziur zein epai argitaratu zain dagoelako. Atzo jakin zen, bestalde, Auzitegi horrek atzera bota duela Gipuzkoak bere helegiteak ez onartzearen aurka aurkeztutako deuseztasun-intzidentea. Beraz, ebazpen judizial guztiak bide bera duten arren, hau da, denek bidesaria arautzen duten foru-arauak baliogabetzat jo badituzte ere, arduradunek ez dute oraindik tasen kobrantza etetea erabaki.