Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Epaitegian salatu ditu Bidegiko arduradunak Hiruk

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren eta Madrilgo Auzitegi Gorenaren epaiei jaramonik egin gabe, N-1 eta A-15 errepideetan kamioiei bidesaria kobratzen jarraitzen dutelako salaketa jarri du Hiruk Donostiako epaitegian, epaileak erabaki dezan Bidegiko eta Diputazioko arduradunen deliturik den ala ez. 

Epaitegiek foru arauak atzera bota eta baliogabetu ondoren, N1 eta A-15 errepideetan kamioiei bidesaria kobratzea arautzen duen foru araurik indarrean ez dagoen arren, Aldundiak tasa kobratzen jarraitzen du. Sindikatuaren iritziz, Aldundiak gaur egun ez dauka bermerik tasak kobratzen jarraitzeko, ezta epaileen erabakiei muzin egiteko gaitasunik ere.

Halaber, Hiruk gogor kritikatu du bide-azpiegituren departamentuko eta Bidegiko buruen bidegabekeriak, jarrera arduragabeak eta kudeaketa txarrak, gipuzkoarren poltsikoei eragiten diela; 2018an hasi zen zentzugabekeria horren ondorioak guztiok ordaintzen ditugu: baliogabetu den sistema martxan jartzeko egindako inbertsioak, prozesu judizialen gastuak, kobrantza irregularren itzulketak, beste isun eta errekargu posible batzuk gipuzkoar guztien poltsikotik aterako dira. Diru publikoarekin jokatzen ari dira. Epai judizialei ez diete kasurik egin, behin eta berriro arau berria atera dute, auzitegiek aurrekoa baliogabetu orduko. 

“Erabiltzen duenak ordaindu dezala” lelopean, errepideen mantentze-lanen kostuei aurre egiteko beharra argudiatu zuten garraiolariei bidesariak ezartzeko erabakia hartu zenean, errepide horiek bide alternatiborik eduki ez arren. Orain ikusi da Aldundiko Azpiegituren saileko eta Administrazioko arduradunek dirua biltzeko duten beharra eta grina nagusitu dela, aurretik errepideetan egindako inbertsio handiek sortutako zorra arintzeko. Premia horren ondorio litzake beraz erabakia. 

Administratzaile publikoei gogorarazi behar zaie, lehenik eta behin, bide-azpiegiturak ondasun publikoak direla: ondasun publikoak denok ordaintzen ditugu, zergen bidez finantzatzen dira, guztiok baikara horien erabiltzaile. Era berean, ez da ahaztu behar errepide bidezko garraioa zerbitzu publikoa dela, eta, aldi berean, azpimarratu behar da garraiolariei soilik bidesariak jartzea errepideen berrordainketa katearen zatirik ahulenari kargatzea dela. Errepideko garraioan, gizarteak behar dituen produktuak, edota enpresek behar dituzten materialak dira erabiltzaileak. Garraiolaria horretan ari da errepidean, kontsumitzaileen beharrekin bat eginez, ez gustuz, denborapasa, baizik eta gizartearen eskariari erantzunez.

Garraiolariei soilik jarritako bidesaria baztertzailea da argi eta garbi, ez ordaintzeko arkupeak N-I errepidearen sarreran eta irteeran daudelako, baizik eta gainerako katebegiak ordainketatik kanpo uzten dituelako: garraiolariak kontratatzen dituzten enpresak, garraio-agentziak, salgaien azken banatzaileak eta beste. Errepideen gainerako erabiltzaile guztiak ere ordainketatik kanpo daude. Diskriminatzailea da beraz erabakia.