Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Errepidean hil den azken garraiolaria gogoratu dute euskal sindikatuek

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT, Hiru eta ENHE sindikatuetako ordezkariek berriro ere publikoki salatu dute lanean ari zela, langile bat hil dela, kasu honetan, 56 urteko Barakaldoko garraiolaria LR124 errepidean Errioxako San Vicente de la Sonsierra herriaren parean, otsailaren 14an, astelehenean, goizeko 5.40an. 

Carnes Erdellako langilea zen garraiolaria eta enpresa honek Larrabetzun daukan egoitzaren aurrean bildu dira sindikatuetako ordezkariak, prekaritatea eta lan istripuek eragindako heriotzak salatzeko, ostegunean otsailak 17, eguerdiko 12.00etan. 

Sindikatuek, nabarmendu dutenez, sarri garraiolarien istripuak ez dira lan istriputzat jotzen, errepide istripuen zenbakien atzean gordetzen saiatzen dira. Kasu honetan ere, agintariek, Madrileko Gobernuak Errioxan duen ordezkaritzak, kausa naturala ikusi du heriotzaren eragile. Oker dabiltza. Garraiolarien istripuak lan istripuak dira, zalantzarik gabe. Gehienak lan baldintza kaskarren ondorio. Tentsio eta estres mailak bihotzean arazoak eragiten ditu eta garraiolarien artean gaitz kardiobaskularretan duen intzidentzia handia aintzat hartu beharrekoa litzateke lan osasun eta prebentzio betebeharretan. Hamaika garraiolari hil ziren errepideetan 2021ean, ia bat hilero.

Enpleguaren kalitate txarrak eta lan-prekaritateak hil egiten du, lan jardunaldi luze eta estuek eragin handia dute, hainbat egoerak zailtzen du garraio duin eta segurua, besteak beste, enpresen presak eta presioek, ordutegi estuek, gehiegizko pisua duten kargek, lanaren prezio baxuak, lanaldi luzeek edo atsedena hartzeko oztopoek. 

Garraiolari profesionalen lan-baldintzak gero eta eskasagoak dira. Gainera, sektorearekiko Administrazioen azken urteotako utzikeriak istripu-arriskua areagotu du, jokabide makur horiek saihesteko neurriak hartu beharrean, beste aldera begiratzen dute, nahi dutena garraio merkea baita. 

Garraiolariak baldintza duinak behar ditu, segurtasuna, gizarteak behar dituenak garraiatzeko. Lan eta osasun baldintzak zaindu eta bermatu behar dira duintasunez lan egin ahal izateko, osasun arazo eta istripurik gerta ez dadin.

Sarri aipatzen dute agintariek garraiolariek ezinbesteko lana egiten dutela, oinarrizkoak direla, behar beharrezkoak, baina, gero benetan, garraiolarien lan baldintzak, segurtasuna eta osasuna bost axola administrazioari. Garraio merkea lehenesten dute horren guztiaren aurretik.

https://hiru.org/wp-content/uploads/2022/02/220217larrabetzuBideo.mov

Aipagarria da, bestalde, urtero lan istripuetan hildako estatistika latza izan ohi dela. Aurten urte hasiera are latzagoa tokatu zaio Barakaldoko herriari 2022a hasi zenetik hilabete eta erdian hil diren 8 langileetatik 3 herri honetakoak izan baitira. Barakaldon asteazkenean arratsaldeko 19.00etan egin zuten kontzentrazioa, “lan istripurik ez, lan prekaritateak hil egiten du” leloarekin, Bide Onera plazan.