Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Kamioien eta autobusen kontrola areagotuko du Ertzaintzak aste honetan

Kamioien eta autobusen kontrola indartuko du aste honetan Ertzaintzak udaltzaingoen laguntzarekin. Astelehenean hilaren 19an hasi eta apirilaren 25era artean, bereziki AdBluearen erabilera egokiari arreta berezia jarriko diote, diesel motorren emisioak murrizteko sistema ondo erabiltzen dela begiratuko dute, alegia. 

Ibilgailu batzuek emuladoreak erabiltzen dituzte sistema hori saihesteko, hau da, tonaje handiko kamioiek euren motorrak AdBlue kontsumitu gabe funtzionatu ahal izateko, Ertzaintzak azaldu duenez. Poliziek aste honetanc egingo duen kanpainaren helburuetako bat, iruzur mota hori agerian uztea izango da. 

Beste erronkatako bat gidariek atseden eta gidatze-denboren araua betetzen duten ikustea izango da, eta baita takografoa manipulatu den, edo kargak baimendutako pisua gainditzen duen eta ondo lotuta doan begiratzea. Autobusetan, bidaiariek segurtasun-uhala jarrita daramatela kontrolatuko da.

Martxoko kamioi eta autobusen ikuskapenean 153 arau-hauste antzeman ziren, gehienak baimendutako gidatze-orduak gainditzeagatik (76) edo dokumentazioa behar bezala ez izateagatik (32). Gainera, 16 ibilgailutan tacografoen manipulazioak antzeman ziren.

Guztira urte osoan trafikoa eta garraioa zaintzeko egiten diren 46 kanpainetako bat da aste honetakoa. Jakina da kamioiekin edo autobusekin izandako istripuek ondorio larriak izan ditzakeela.