Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Eskubide Sozialen Karta kalera aterako da maiatzaren 26an prezioen igoera salatzeko

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile sozial eta sindikalek manifestazioa deitu dute maiatzaren 26rako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan prezioen igoerak eragiten dituen arazoak salatu eta premia handian dauden herritarren babesa aldarrikatzeko, hala nola, soldata zein pentsio duinak, babes eta zerbitzu publikoen defentsa, energia publikoa eta aberastasunaren banaketaren aldeko neurriak. Arratsaldeko 19.00etan egingo dira, Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuta, Bilbon Arriagatik, Donostian Boulevarretik eta Iruñan bus geltoki zaharretik. 

Sindikatuek salatu dutenez, “inflazioaren jatorria egiturazkoa da, sistema kapitalistaren berezko espekulazioagatik edo elektrizitatearen prezioak finkatzeko sistemagatik”. “Prezioen igoera handia jasaten ari gara. Iazko inflazioa ( % 6,5) koiunturala zela esan ziguten. Ez zen egia. Eta orain, urte arteko KPIa % 9,8ra iritsi denean, Putinen eta Ukrainako gerraren errua dela esaten digute. Hori ere ez da egia. Prezioen gorakadaren %70a Ukraniako guda baino lehenagokoa da”. 

Milaka langile, pentsiodun edo prestazioak jasotzen dituzten pertsona, bereziki emakumeak, pobreziaren mugan daude, beharrezko diru-sarreren azpitik. “Hala ere, botere ekonomiko eta politikoek pobrezia zabaltzen jarraitu nahi dute, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen eta beraz, biztanleriaren gehiengoa are gehiago txirotzen, langile eta herritarron erosteko ahalmena erasoz. Hori gutxi balitz, orain, eztabaida zergak jaistean zentratu nahi dute batzuk. Zergarik ezean, nola ordainduko dituzte zerbitzu publikoak? Sistema publikoa eraisten ari dira, eta are gehiago murriztea da euren asmoa”.

Egoera irauli
Egoera honi buelta emateko mobilizazioak proposatzen dituzte sindikatuek: “Soldaten, pentsioen eta gizarte-prestazioen erosteko ahalmena defendatu nahi dugu. Bizitza duina bermatzeko, aberastasuna banatu behar da. Garapen eredu berria behar dugu, langileon bizitza eta planeta bera erdigunean jartzeko, bidezko trantsizio ekologikoa aldarrikatzen dugu”.

Biztanleriaren zati gero eta handiagoa energia-pobrezian murgilduta dagoenez, sindikatuen ustez, ezinbestekoak dira neurri zorrotzak eta energia-enpresen kontrola; baita erreforma fiskal progresiboa ere, krisia kapitalak ordaindu dezan, eta ez gehiengo sozialak. 

Zerbitzu publikoen garapena ere garrantzitsua da, oinarrizko eskubide sozialak ziurtatzeko, hala nola osasuna, hezkuntza, zaintzak edo etxebizitza. Euskal Herrian lan egin eta erabakitzeko tresnak garatzeko ordua ere bai. 

Hori dela eta, deitu ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak manifestazioak maiatzaren 26an, arratsaldeko 19:00etan Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Bizitza duinak ez du preziorik
Frente al empobrecimiento, energía pública y reparto de la riqueza

Manifestazioak Ostegunean, maiatzaren 26an arratsaldeko 19.00etan 

Gasteizen    Andre Mari Zuriaren plaza 
Bilbon          Arriaga
Donostian   Boulevarra
Iruñan          Bus geltoki zaharra