Euskal presoei oraindik aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak kentzeko eskatuko dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU eta EHNE sindikatuek elkarrekin ostiralean, irailaren 29an, goizeko 11.30etan, Bilboko Eliptika plazan. “Salbuespen neurriak, STOP, langileok etxera bidea gertu” izango da elkarretartzearen leloa.
Sindikatuek aitortzen dute azkenaldian gai honetan eman diren pausoen balioa eta garrantzia: lehen graduaren amaiera, ondoren egindako hurbilketak, urrunketaren amaiera… “Aldaketa horiek, ordea, bai jendarte aktibazioari eta baita alderdi, sindikatu eta instituzioen akordio eta batasunari esker gertatu dira. Horregatik ezinbestekoa dela uste dugu akordio eta aktibazio bide hori garatzen jarraitzea salbuespen legediarekin amaitu eta gradu progresioaren blokeoarekin behin betiko amaitzeko”.
Sindikatuak argi dute eurei ere badagokiela elkarlan eta aktibazio horrekin jarraitzea salbuespen neurriekin amaitu arte. “Elkarbizitzarako eta konponbiderako pausoak ematen jarraitzea guri ere dagokigula. Denok izan behar dugulako bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiekin salbuespena atzean utzi eta etxera bidea gertu izatea delako helmuga. Guztion artean lortuko dugu”.
Izan Bidea dinamikak bost urte bete ditu; hamaika ekintza burutu dituzte sindikatuok eta ostiralean hasiko dute ikasturte berria, “oraindik ere salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzeko”.