Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Euskal presoek jasaten dituzten salbuespen neurriak kentzeko eskatu dute sindikatuek

Euskal presoei oraindik aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak kentzeko eskatu dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU eta EHNE sindikatuek elkarrekin abenduaren 20an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Horrela, Sareren konponbiderako giltzak dinamikarekin bat egin dute euskal sindikatuek, goizeko 11.00etan Gasteiz eta Iruñean, Foru Plazan eta Udal Plazan, hurrenez hurren, eta eguerdiko 12.00etan Bilbo etas Donostian, Albiako lorategian eta Alderdi Ederren, lauetan “langileok konponbiderako giltza eta “Salbuespen neurriak, STOP” leloekin. “Izan gaitezen milaka giltza konponbidearen eta bizikidetzaren ateak parez pare irekitzeko bidean”.

Sindikatuek argi dute pausoak eman direla gai honetan, -urrunketa neurriak amaitzear dira, euskal preso gehienak Euskal Herrriko kartzeletan daude-: pauso horiek eman badira elkarlan eta denen lanari esker izan dela, beraz, horretan jarraitzeko asmoa aldarrikatu dute salbuespen neurriekin amaitu arte. Abenduan hiriburuetan elkartuko dira langileak sindikatuek deituta, “salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzeko. Oraindik bidea dago egiteko, presoen etxerako atea zabalduko duen giltza eskuartean hartu behar dugu”.

Hona bukaerako adierazpenak: “Gaur Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon kalera atera gara sindikatuetako ordezkariok helburu argi batekin; “Konponbiderako Giltza-Llaves para la resolución” dinamikari publikoki babesa eman nahi diogu. Izan ere, bizikidetzan eta konponbidean aurrera egiteko ekarpena egitea dagokigula uste baitugu. Eta horretarako, presoen etxerako atea zabalduko duten giltzak eskuartean hartu behar ditugu”.

“Badakigu bizikidetzari eta espetxe-salbuespenaren indargabetzeari dagokienez herri honetan egin diren aurrerapenak gizartea aktibatzearen eta alderdi, sindikatu eta erakundeen arteko akordioaren eta batasunaren ondorio izan direla. Oraindik bidea dago egiteko, eta bada garaia gizarte gisa nahi dugun etorkizunari ateak irekitzeko giltza izateko” segi dute langileen ordezkariek.

“Gure aldetik, konpromisoa adierazi nahi dugu sortzen ari diren dinnnamika desssberdinean parte hartzeko, gero eta gehiago izan gaitezen salbuespenezko espetxe-neurriekin amaituko duen behin betiko konponbidea ahalbidetzeko eta bizikidetzaren eraikuntzan aurrera egiteko. Halaber, urtarrilaren 13an Sarek Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu. Izan gaitezen milaka giltza konponbidearen eta bizikidetzaren ateak parez pare irekitzeko bidean. Langileok ere KONPONBIDERAKO GILTZA!” bukatu dute.