Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Kamioi batek harrapatuta hil zen garraiolaria oroitu dute Hernanin euskal sindikatuek

ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuetako hainbat ordezkari “lan-istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” leloarekin elkartu dira Hernanin kamioi batek harrapatuta hil zen garraiolariaren istripua salatzeko, ostiralean, maiatzaren 6an, eguerdiko 13.00etan, hain juxtu, Hernanin bertan, Eziago poligonoan, Zikuñagako paper-fabrikaren atzean, istripua gertatu zen tokian. 

Bi garraiolari hil dira azken egunotan. Apirilaren 30ean garraiolari bat hilik aurkitu zuten Iruñean, bere kamioiaren barruan, Landabenen, Volkwagenen parking batean. Aipagarria da enpresa honetan heriotzaz jabetu zirela, pieza batzuk falta zituztelako, ez langilea falta zelako. Hornitzaileari deitu zioten piezengatik, kamioia GPSz bilatu eta Foru poliziak aurkitu zuen garraiolarik hilik. Maiatzaren 4an, asteartean, bestalde, garraiolari bat hil zen kamioi batek harrapatuta Hernaniko Zikuñaga paper-fabrikaren kanpo aldean, egurra deskargatzeko zain zegoela. 

Sindikatuek sarri salatu dute istripu horietako asko ofizialki trafiko-istriputzat edo kausa naturalek eragindako heriotzatzat hartzen direla: askotan, garraiolarien istripuak errepideko ezbeharren estatistiketan ezkutatzen saiatzen dira. Hiruren ustez, horrelako ezbeharrak, zalantzarik gabe, lan-istripuak dira, enpresak arduratu behar du lantegian deskargatzen duten pertsonen segurtasuna zaintzeaz, berea da erantzukizuna. 

Garraiolarien heriotza gehienak lan baldintza kaskarren ondorio dira. Tentsio eta estres mailak bihotzean arazoak eragiten ditu eta garraiolarien artean gaitz kardiobaskularretan duen intzidentzia handia aintzat hartu beharrekoa litzateke lan osasun eta prebentzio betebeharretan. 

 Hamaika garraiolari hil ziren errepideetan 2021ean, ia bat hilero. koronabirusaren krisiaren eraginez ekonomia jarduera urritu arren, laneko ezbeharren kopurua ez da gutxitu. Gora egin zuen, iaz, guztira 68 langile hil ziren lan-istripuetan.

Enpleguaren kalitate txarrak eta lan-prekaritateak hil egiten du, lan jardunaldi luze eta estuek eragin handia dute, hainbat egoerak zailtzen du garraio duin eta segurua, besteak beste, enpresek eragindako presak eta presioek, lanaldi luze eta ordutegi estuek, kargen gehiegizko pisuak edota lanaren prezio desegoki eta kaxkarrek. 

Garraiolariak lan eta osasun baldintza duinak eskatzen ditu egoki lan egiteko, batetik, osasun-arazoak eta istripuak saihesteko; baita gizarteari eta enpresei eskaintzen dien zerbitzua hobetzeko, ere, horiek behar dituzten produktuak eta materialak garraiatzeko, alegia. Garraiolariak estrategikoak direla esaten badute agintariek, ezinbesteko lana egiten dutela, hobeto zaindu beharko lituzkete euren lan baldintzak, segurtasuna eta osasuna.