ELA, LAB, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuek elkarretaratzea egin dute otsailaren 17an, Bilboko Albiako Epaitegien aurrean, euskal presoak etxera hurbiltzeko eskatuz.
2018ko abenduan hasi ziren sindikatuak espetxe-politikan aldaketak eta preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespen-neurrien amaiera eskatzeko dinamika horrekin. Sindikatuen iritziz, espetxe-politikan eta presoak hurbiltzeko prozesuan urratsak eman badira ere, Fiskaltzak, Auzitegi Nazionalaren laguntzarekin, trabak jartzen jarraitzen du eta ez du legeria arrunta betetzen. Sindikatuek adierazi dute elkarbizitzaren eta presoen hurbilketaren alde lanean jarraituko dutela.
Bestalde, 34 urtean ostiralero pankartaren atzean elkartu eta gero, Euskal Herri osoko hainbat herritan, mobilizazioa aldatu eta soilik hilabeteko azken ostiraletan elkartuko dira. Otsaileko azken ostirala izango da aro honen amaiera, eta martxoaren amaierakoa estreinaldia. Sindikatuko ordezkariek parte hartuko dute.