Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Euskal sindikatuek preso politikoak etxeratzeko eskatu dute

‘Etxera bidea gertu!’ lelopean abenduaren 20an, asteartean, Donostian, eta 23an Hego Euskal Herriko beste hiru hiriburuetan, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, kalera atera ziren eguerdian euskal sindikatuak, euskal presoen aurkako salbuespen neurriak salatu eta etxera hurbiltzeko aldarrikapenarekin. Sindikatuetako ordezkariek deia luzatu zuten urtarrilaren 7an Bilbon, “Autonomia kalea betetzera goaz” helburuarekin egingo den manifestazioan parte hartzeko.

“Gertu” leloak bi zentzuak ditu, batetik euskal presoak etxetik gero eta gertuago daude eta, bestetik, herritarrok ere, oro har, etxeratze prozesu hori gauza dadin gertu, prest, alegia. Borroka horretan aurrera pausuak eman badira ere, oraindik euskal presoekiko salbuespen neurriak ez dira erabat kendu, eta azken ahalegina egiteko prest dira euskal sindikatuak ere, esan bezala urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazioarekin. 

Sindikatuek sakatu dute 34 urte pasa direla urruntze politika indarrean jarri zutenetik: “Izugarria da urte guzti hauetan, honek eragin duen sufrikarioa, arlo ekonomikoan, psikologikoan, emozionalean, fisikoan… asko dira politika honek eragindako sufrikarioak. Ezin ahaztu 16 pertsonak bizitza bidean galdu dutela ere.  Orain politika honen amaiera aro honetan, balioan jarri behar dugu egoera honen gainditzea”.

Sindikatuek goraipatu zuten, pausuak eman badira, “guztion lanari esker” izan dela. “Kaleko lanari esker, instituzio eta talde politikoen elkarlanari esker, eragiletza eta bizipen ezberdinak dituztenek egindako enpatia ariketei esker, eta baita, guk sindikalgintzatik emandako babesari esker ere. Sindikatuok elkarrekin aritzeak, bide horretan lagundu asmoz eta egoera aldatzeko nahiarekin egin dugu, eta balioan jarrita egungo egoera, aurrerantzean ere horrela egiten jarraitu nahi dugu”.

Presoak 2. edo 3. graduan izatea pozgarria dela adierazi zuten, baina aldi berean salbuespenezko neurriak”, ez direla erabat desagertu; “handiak dira etxeratze prozesuan dituzten oztopoak ere eta horrexegatik lanean jarraitu behar dugu. Etxeratze prozesu hori normaltasun osoz egin ahal izateko elkarlanean jarraituko dugu. Ezin imajina dezakegu zer den, 3.gradua eman eta entzutegi nazionaleko fiskaltzaren errekurtso baten bitartez berriro kartzelara itzultzea, berriro 2.gradura. Kartzela zuzendarien informeen gainetik Madrilgo gorroto eta mendekua gailentzen da, eta horri aurre egiteko, elkarrekin mantendu behar gara eta elkarrekin aurre egin. Bide hau zapuztu nahi dutenak asko dira eta etengabe egongo dira legeari muzin eginez, trikimailu ezberdinak sortzen bidea zailago eta luzeago izateko. Garbi izan behar dugu, gertu daudela baina oraindik asko daukagula egiteke eta lortzeke”.

#langileokerebideagara#EtxeraBideaGertu#urt7bilbora