ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuek elkarretaratzea egingo dute berriro garraiolari baten lan-istripua salatzeko. Kasu honetan, jatorri portugaldarreko garraiolari bat hil zen aurreko astean, arrazoi ez traumatikoengatik, Araian (Araba). “Lan-istripu gehiagorik ez, prekarietateak hil egiten du” leloarekin, ostiralean goizeko 11.00 egingo dute protesta sindikatuek Gasteiz hiriburuko erdigunean, posta kaleko 9. zenbakian, Arabako enpresen SEA elkartearen egoitzatik hurbil, garraiolariaren heriotza salatzeko.
Aurten dagoeneko 9 garraiolari hil dira Euskal Herriko errepideetan, guztira, 62, lan-istripuetan. Estatistika latz horren aurrean, euskal sindikatuek elkarretaratzea egin dute zorigaiztoko istripu bat gertatu den bakoitzean, prekarietateak hil egiten duela salatzen duen pankartari helduta.
Horrelakoetan, sindikatuek gogor salatu dute Administrazioa garraiolarien lan-istripuen estatistikak murrizten saiatzen dela, behin eta berriz, gertaerak heriotza natural edo errepideko ezbehar gisa hartuta. Horrelako ezbeharrak eta lan-istripu gehienak, zalantzarik gabe, lan-baldintza kaskarren ondorio dira sindikatuen ustez.
Azken finean, gero eta estuagoa da garraiolariaren lana, bizimodua aurrera ateratzeko sektorean diren zailtasunen, azpikontratazioen, lan jardunaldi luze eta estuen edota enpresek eragindako presa eta presioen ondorio dira gertaera hauek. Estresak arazo kardiobaskularrak sortzen ditu eta, beraz, horrelako gaitzek garraiolariengan duen eragin handia, kontuan izan beharko litzateke osasun-politiketan eta laneko prebentzioan.
Nabarmendu beharreko beste elementu bat da garraiolariek ez dutela aldez aurretik erretiratzeko aukerarik, arrisku handikotzat jotzen diren beste jarduera batzuetan aritzen direnek bezala, hala nola poliziak, suhiltzaileak, meatzariak, trenbideko langileak kasu batzuetan, eta bitxikeria gisa, baita artistak eta toreatzaileak ere, baldintza batzuk betez gero.
Garraioko profesionalen erretiro aurreratuaren aldarrikapen horrek adostasun zabala du, baina ez du aurrerapen nabarmenik izan. Autonomoek jarduera uzteko Administrazioaren laguntzak ez dira iristen 65 urte bete dituztenentzat ere, banatu beharreko kopurua bikoiztu den arren: 10 milioi eurotik 20ra. 30.000 euro jasotzen dituzten, ezintasunen iraunkor absolutua dutenek eta eskaera egin duten garraiolari autonomoen artean zaharrenek, jarduera uzteko konpromisoa hartu eta garraio-txartela entregatzeagatik. Aurten 65 urteko asko laguntza gabe gelditu dira, ez delako denentzat dirua iritsi.
Emaitza horiek agerian uzten dute Administrazioak ez duela borondaterik garraiolariak aldez aurretik erretiratzen laguntzeko, eta horrek eragina du guztion segurtasunean, ezbeharren bat izateko arrisku handiagoa baitu adinean aurrera doanak, eta beraz arriskuan izango dira errepideetako erabiltzaile guztiak.