Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Euskal sindikatuen protesta Santurtzin portuan hildako garraiolaria gogoratzeko

LAB, ESK, STEEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostegunean, urtarrilaren 11n, goizeko 10.30ean, Santurtziko Udalaren aurrean, astearte goizean Bilboko Portura bidean Mamarigan hildako garraiolaria gogoratu, omendu eta, aldi berean, horrelako ezbeharrak gehienetan garraiolarien lan baldintza kaskarren ondorio direla salatzeko. 

Garraiolarien adinak eta nekeak hil egiten dute. Santurtzin astearte goizean hil zen garraiolariak 54 urte zituen. Gero eta zaharragoa da sektorea, oro har, ez dago erreleborik, gazterik ez da hasten garraioan lan baldintzak ez direlako onak eta hori oso arriskutsua da, bai garraiolarientzat beraientzat eta baita errepidean gabiltzan beste guztiontzat ere. Adin batetik aurrera istripuak edo bihotzeko arazoak izateko aukerak ugaritu egiten dira eta. Horregatik eskatzen du Hiruk garraiolariek izan dezatela 60 urterekin erretiratzeko modua, beste lanbide “arriskutsu” batzuek daukaten bezala, esaterako suhiltzaileek edo poliziek. 

Errepidean hildako garraiolarien batez bestekoa latza da. 2023an hamar garraiolari hil ziren Euskal Herriko errepidetan, ia, ia, garraiolari bat hilero. Eta guztira 58 langile hil dira istripuetan. 

Garraiolarien lan istripuen inguruan gauza asko dira aipagarri. Astearteko istripuan kamioia bere bidetik atera, bazterra jo eta erabat kiskali zen. Barruan hilda zegoen garraiolaria. Nekeak edo osasun arazoren batek eragin zuen segur aski istripua. Kamioitik atera ez bazen argi dago konortea galdu zuela aurretik. Asko dira bihotzeko arazoak garraiolarien artean. Gaitz kardiobaskularren kopuru altu hori aintzat eduki beharko luke Administrazioak lan osasun eta prebentzio beharrak finkatzerakoan. 

Eta administrazioak ez dezala Santurtziko ezbeharra trafiko istripu gisa hartu. Lan istripua izan da argi eta garbi. Garraiolaria lanean ari zen errepide bazterra jo eta kamioia erre zitzaionean. Behin eta berriro adierazi dugu lan istripuak direla, ez daitezela lan-istripuen estatistika ofizialak murrizten saiatu, heriotza natural edo errepideko ezbehar gisa hartuta. 

       Sarri lan baldintza kaskarren ondorio dira istripuak, bezeroek eragindako presa eta presioek, nekeak, ordutegi estuek, estresak, lanaldi luzeek, soldata juxtuek, azken finean atseden hartzeko eta lasai gidatzeko zailtasunek eragiten dituzte istripu hauek; horiek guztiek arriskuan jartzen dute garraiolarien segurtasuna. Baldintza duinak eskatzen ditu garraiolariak, bere bizitza bera ere arriskuan dago. Sarriegi ikusi eta salatzen dugu hori. 

       Administrazio guztien ardura da. Baina sektorean diren hainbat jokabide makur saihesteko eta kontrolatzeko neurriak hartu beharrean, beste aldera begiratzen dute, garraio merkea bultzatzen baitute. Lan ikuskaritza indartu beharko lukete, baldintza kaxkarrak saihestu eta arauak betetzen ez dituztenak zigortzeko. Hiru

Hiruko Alberto Lopez Santurtzin beste sindikatuetako ordezkariekin