Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Faltzesko garraiolaria hil da Nafarroan, Murillo el Cuenden, kamioia iraulita

Faltzesko 56 urteko gizon bat hil da astearte arratsaldeko lehen orduan N-121 errepidean (Iruñea-Tutera), Murillo el Cuende udalerrian, gidatzen zuen kamioia irauli eta errepidetik atera ostean. 2023an Euskal Herrian hil den zazpigarren garraiolaria da; horrela, hilero hildako garraiolarien batez bestekoak latza izaten jarraitzen du. Garraiolari bat hiltzen da hilero euskal errepideetan. 

LAB, ESK, STEEILAS, CGT-LKN, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egingo dute ostiralean, uztailaren 20an, Nafarroako Garraio Zuzendaritzaren aurrean, goizeko 11.00etan, asteartean hildako Faltzesko garraiolaria gogoratu, omendu eta, aldi berean, horrelako ezbeharrak gehienetan garraiolarien lan baldintza kaskarren ondorio direla salatzeko. 

Oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik, pentsua zeraman kamioia hegoalderako norazkoan errepidetik atera zen, errepidea gurutzatu, beste erraira pasa eta irauli. Larrialdietako taldeek ezin izan zuten ezer egin kamioilariaren bizitza salbatzeko. Garraiolaria ibilgailuaren kabinan harrapatuta zegoen, eta atera zutenerako hila zen.