Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraio departamentuko arduradunak bildu dira Hiruko garraiolariekin Lakuan

Garraiolari autonomoen hiru ordezkari Eusko Jaurlaritzako Garraio departamentuko arduradunekin bildu dira gaur goizean; Pedro Marco sailburuordearekin eta Esteban Elola lankideari sindikatuak azken egunetan euskal administrazioen aurrean publikoki defendatutako planteamenduak helarazi ahal izan dizkiete. Nafarroako Gobernuarekin astelehenean eta Jaurlaritzarekin asteazken honetan izandako harremanak positibotzat jo ditu Hiruk. Bi administrazioek adierazi dute etorkizunean sektorea duintzeko planteamendu horiek aztertzeko eta hitz egiten jarraitzeko konpromisoa. Onartu egin dute Hiruk planteatutako gai horietan eskumena dutela, garraiolarien nekeak eta arazoak arintzeko neurriak har ditzaketela, haien egoera hobetu eta, azken batean, euskal enpresa eta industria txikiei zerbitzu zuzena ematen dieten garraiolari autonomoek osatzen duten Euskal Herriko egungo garraio sarea babesteko.

Jaurlaritza kanpoan ehun bat garraiolari elkartu dira asteazkenean, zenbait pankarten atzean: “Garraio duinaren alde”, “garraiolariok baztertuta”, “Eusko Jaurlaritza, entzun garraioari” “Gobierno vasco, dialogo ya”, “Eusko Jaurlaritza, garraioa salbatu”. Barruan, bileran hainbat gai konkretu jorratu dira, besteak beste, prezio-aldaketen arabera tarifen berrikuspena jasoko duen garraio arloko faktura propioa. Hori foru-aldundien mende dauden euskal ogasunei dagozkienez, sailak konpromisoa hartu du gaia aztertzeko: “aldundiekin eta sektoreko ordezkariekin elkarrizketa-mahai bat eratuko du fakturei, bidesariei, garraioko arbitraje-batzordeei, gaikuntza-azterketei eta prestakuntza arautuari buruz hitz egiteko. Datorren astetik aurrera harremanetan egongo gara gai horietan aurrera egiteko. Euskal garraioari lagundu ahal izateko neurriez hitz egin dugu, hala nola jarduera bertan behera uzteko laguntzez, lanbide-gaixotasunak aitortzeaz, bidesariez,  hala nola azpikontratazio, berankortasun, kabotaje eta garraiolaria kaltetzen duten beste jokabide makurrez. Administrazioak gai horiei heltzeko tresna nahikoak dituela uste dugu”.

Gasolioaren prezioaren gehiegizko igoerak lehen zegoen arazo bat gainditu du. “Aspalditik zetorren egoera zailak gainezka egin du. Gure aldarrikapen taulak 15 urte ditu. Urte hauetan beste aldera begiratu dute administrazioek, sektorea baztertu egin dute eta ez dira haien arazoak kontuan hartu, baina gasolioaren prezioa hainbeste igo den unean, sektorean metatutako frustrazio, etsipen eta abar guztiak lehertu direnean, lanuzteak etorri dira, ez bakarrik gasolioaren prezioagatik”.

Argi dago gasolioaren prezioei dagokienez ez dutela ekarpen handirik egiteko euskal administraziotik, baina Madrili egoera hori ez luzatzeko eskatu diete Hiruko ordezkariek. Horren jakitun dira, eta hala adierazi dute azken aldian. Beraz, gai horren inguruan ez da eskaerarik egin. Laburbilduz, hemen jorratu daitezkeen aldarrikapenak helarazi zaizkio Eusko Jaurlaritzari.

Ostegunean Hiruren protesta Bilboko erdigunera iritsiko da. Eguerdiko 12.00etan garraiolariak oinez abiatuko dira Moyua plazatik, Confebasc eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik pasatuko dira, biak Diego Lopez de Haro Kalean kokatuak, eta protesta Jesusen Bihotza plazan amaituko dute. Euskal enpresarien elkartearen egoitzaren aurrean, tarifen egokitzapena bultzatzeko eta errazteko eskatuko dute garraiolariek, hau da, gastuen aldaketen arabera berrikusteko eskaerak onartu ditzatela. Eta administrazioari, berriz, garraioa gizartearentzat eta enpresentzat funtsezko jarduera dela benetan aintzat hartu dezatela, eta, beraz, garraioari laguntzeko neurriak hartu ditzatela. 

Txaloak Garraio Saileko arduradunekin elkartu ziren Hiruko ordezkariei.

Alberto Nuñez, bileraren ondoren, azalpenak ematen.