Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraio Duinaren aldeko mobilizazioak Iruñan eta Gasteizen

Hiruko garraiolari autonomo gehienek Garraioaren Defentsarako Plataformak deitutako lanuzte mugagabea babestu dute eta astelehenetik geldi daude. Ezin denez jakin zenbateraino garestituko den erregaia, ezinbesteko jotzen dute garraioaren tarifak gasolioaren prezioaren igoeraren arabera berrikustea, gutxienez hamabost egunean edo hilabetean behin behintzat. Gainera, Plataformaren aldarrikapenak Hiruk azken urteotan defendatu dituenen oso antzekoak dira; laburbilduz, inork ez dezala kostuen azpitik lan egin, tarifen berrikuspena gastuen gehikuntzaren arabera, eta garraioan diren jokabide makurren kontrola, besteak beste postontzi-enpresa, kooperatiba faltsu eta azpikontratazioena. 

Hiruko garraiolariek bezeroekin garraioaren prezioak negoziatzen jarraituko dute ondorengo egunetan eta prezio horiek berrikusten ez diren bitartean, euren aldarrikapenak kalera eramango dituzte. Lehenengo mobilizazioak asteartean egingo dira Iruñean, martxa Galarretik Nafarroako Gobernuaren egoitzaraino eta, asteazkenean, Gasteizen Langraitz Okatik Lakuako Jaurlaritzaraino. Goizeko 10etan dira hitzorduak Bideko Aterpek Galarren eta Langraitz-Okan dituen instalazioetan, hurrenez hurren, eta 10.30etan abiatuko dira garraioaren egoera larria salatzeko, sektorean baldintza duinak aldarrikatzeko eta neurri zehatzak eskatzeko, hala nola Administrazioak Euskal Herriko garraio sarea babestu dezala, hau da, bertako enpresei zerbitzua emango dien sarea zaindu; fakturak gasolioaren prezioaren arabera berrikustea nahitaezkoa izan dadila, derrigorrezkoa eta horrekin batera, hartu ditzala lan baldintza kaxkarrei aurre egiteko neurriak ere: kooperatiba faltsuakkontrolatu eta behatu, pausoak eman ordainketak hilabete baino gehiago atzeratu ez daitezen, azpikontratazioak baztertu eta gutxieneko tarifa baten azpitik lan egitea debekatu; kamioiei jartzen zaizkien bidesariak kendu eta errepideen konponketa publikoa izan dadila; erretiratzeko adina 60 urtetan izan dadin laguntzak, gaixotasun profesionalak dituzten garraiolariak jubilatzeko aukera handitzea eta lanbidean hasi nahi dutenentzat Lanbide Heziketa abian jartzea ere eskatuko dute. 

Garraiolari batzuek adostu dute bezeroekin tarifak gasolioaren igoeraren arabera berritzea eta beraz, ez dira geldituko. Lortu ez dutenak, ordea, ez dute kamioia hartzeko asmorik, egungo baldintzetan huskeria irabaziko dutelako eta tarifaren igoera eskatzen jarraituko dute sindikatuaren laguntzarekin.

Hiruko garraiolarien martxa kamioiekin

Asteartea 15, goizeko 10.00etan Galarren Bideko Aterperen instalazioan

10.30etan Iruñarantz Gobernuaren egoitzara martxaren irteera

Asteazkena 16, goizeko 10.00etan Langraitz-Okan Bideko Aterperen instalazioan

10.30etan Gasteizerantz Lakuara Jaurlaritzaren egoitzara martxaren irteera