Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraiolari autonomoen manifestaldi jendetsua Bilbo erdian

Mila garraiolari inguruk parte hartu du Moyua plaza eta Jesusen Bihotzaren plazaren artean eguerdian geldi dauden garraiolariek egin duten manifestazioak. Euren aldarrikapenak Bilboko erdigunera eraman dituzte Hiruko ordezkariek, Confebasc eta Jaurlaritzaren egoitzen aurrera, ostegunean. Garraioaren Defentsarako Plataformak deitutako lanuztearekin bat egiten ari diren beste hainbat garraiolarik ere parte hartu du, Hiruko garraiolariekin batera. 

Eguerdiko 12.00etan Moyua plazan bildu dira garraiolariak eta handik oinez abiatu Jesusen Bihotza plazara. Bidean, elkarrengandik oso hurbil dauden Confebasc eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzetan gelditu dira, Diego Lopez de Haroko Kale Nagusian. Euskal enpresarien elkarteari garraio-tarifak gastuen aldaketen arabera eta aldiro egin beharko litzatekeen berrikuspena laguntzeko eta errazteko eskatzen diote garraiolariek. Eta Administrazioari, berriz, benetan frogatu dezatela garraioa funtsezko jarduera dela gizartearentzat eta enpresentzat, eta, beraz, garraiolari autonomoek baldintza duinetan lan egin ahal izateko eta ez desagertzeko gutxieneko baldintzak jarri behar dituztela eta horretarako beharrezko neurriak hartu. 

Bigarren astea daramate geldi Hiruko garraiolariek, kostuen azpitik inork lan egin ez dezan aldarrikatzeko, baita tarifak gastuen igoeraren arabera berrikusteko; kooperatiba faltsuen, postontzi-enpresen, azpikontratazioen eta garraioa merkatzen duten gainerako praktika desegokien kontrola; zamalanen debekua; 60 urterako erretiroa edo gaixotasun profesionalak aitortzea eta gaixo daudenei laguntzak, besteak beste.