Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraiolari bat hil da, N121 errepidean, Cadreitan, bi kamioien arteko istripuan

59 urteko garraiolari bat hil da asteazkenean, urtarrilaren 17an bi kamioik goizeko 8:25ean aurrez aurre talka eginda, Iruña eta Tutera arteko N121 errepidean, Cadreita herriaren parean. Zisterna eta garabiaren arteko ezbeharrean beste garraiolari bat larri zauritu da, politraumatismoekin, eta helikoptero medikalizatuan eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera. Errepidea itxita egon da goizeko lehen orduetan Caparroso eta Los Abetos artean. Iruñan asteazkenean bertan elkartu ziren euskal sindikatuak prekaritateak hil egiten duela salatzeko. Hiru garraiolari hil dira jada errepidetan urteko lehen egunotan.

Nabarmentzekoa da bizia galdu duen profesionalaren adina: 59 urte. Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, gazteak ez dira garraioan hasten, lan-baldintzak ez direlako batere onak. Egoera hori arriskutsua da, bai garraiolarientzat eurentzat, eta baita errepidearen gainerako erabiltzaile guztientzat ere.

Adin batetik aurrera, nekea, arazo kardiobaskularrak eta beste zenbait osasun arazo areagotu egiten dira, arreta galdu daiteke eta, ondorioz, istripua izateko arriskua handitzen da. Horregatik guztiarengatik, aspalditik ari da eskatzen Hiru, 60 urterekin erretiratzeko aukera izan dezatela garraiolariek, arriskutsutzat jotzen diren beste jarduera batzuetako profesionalek bezala; Besteak beste suhiltzaileei eta poliziei aitortu zaie hori. Bestalde, horrelako ezbeharren bat gertatzen den bakoitzean, gertaera horiek garraiolarien lan-baldintza kaskar eta prekarioen ondorio direla salatzen du sindikatuak.

Urtarrilean lan-istripuz hil den hirugarren garraiolaria da. Hilaren 9an 54 urteko beste bat hil zen Bilboko portuaren inguruan, Santurtzin. Kamioi barruan kiskalita zegoen, segur aski aurretik konortea galdu, ibilgailuak bazterra jo eta su hartuta. Aurretik urtarrilaren 5ean arratsaldez beste bi garraiolari hil ziren Zaragozako Osera de Ebro herrian gertatu zen istripuan, horietako bat, Goitia Garraioak enpresako 59 urteko garraiolari irundarra. Aurrez aurre talka egin zuten N2 errepidean bi kamioiek eta bi gidariak hil ziren. Kamioi batek su hartu zuen. 

Euskal errepideetan hildako garraiolarien ehuneko eta estatistika latza da. Iaz hamar garraiolari hil ziren Euskal Herrian; ia garraiolari bat hilero. 2024ko urtarrilean bi dira jada errepidean bizia galdu dutenak. Eta guztira 58 langile hil ziren iaz lan-istripuetan. Ondorengo argazkiak Kadreitako istripuarenak dira.