Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Euskal sindikatuak errepideko lan istripuen aurka protesta egin dute Aian

Errepidean hildako azken garraiolaria omendu eta oroitu dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuek Aiako hormigoitegian, Orioko gainean, ostegunean uztailaren 7an, eta, bide batez, errepideko arriskuak eta lan istripuak salatu “Lan istripu gehiagorik ez, prekaritatea hiltzailea” leloa duen pankartari helduta.

Kamioi bateko gidaria hil egin zen astearte arratsaldean A8 autopistan Orioko ordainlekuaren ondoan gertatu zen istripuan. Hormigoi-kamioia errepidetik atera eta irauli egin zen ordainlekutik hurbil, su hartu eta barruan geratu zen 51 urteko gidaria. Gertaera salatzeko elkartu dira euskal sindikatuak.

2022an Euskal Herrian istripuan hil den seigarren garraiolaria da. Lan istripuen estatistikak kezkagarriak dira, aurten hildako 43 langilea baita. ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuak ostegun eguerdian bildu dira Aiako hormigoi plantan, “Lan istripu gehiagorik ez, prekaritatea hiltzailea” dioen pankarta hartuta, beste behin, hildakoaren senideei elkartasuna adierazi eta lan istripuen eguneroko latza salatzeko. 

Garraiolarien heriotza gehienak lan baldintza kaskarren ondorio dira. Sindikatuek behin eta berriro salatu dute, garraiolarien lan-istripuen estatistikak murrizten saiatzen direla, askotan gertaera horiek heriotza natural edo errepideko ezbehar soil gisa hartuta. Dena den, horrelakoak, sindikatuen ustez, zalantzarik gabe, lan-istripuak dira. Azken finean lan jardunaldi luze eta estuen edota enpresek eragindako presa eta presioen ondorio dira gertaera hauek.