Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Donemiliagan istripuan hildako garraiolariaren heriotza salatu dute sindikatuek

Langile bat kamioi istripuan hil dela salatu dute Hiru sindikatuko kideek, LAB, ELA, ESK, STEILAS eta EHNErekin batera, astelehen goizean, Araian, Asparrena industrialdeko sarreran. Garraiolari bat hil eta beste bat zauritu ziren, asteartean, Araban Donemiliaga herrian gertatu den trafiko istripuan.

Euskal sindikatuek batera erantzun dute “lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” leloarekin. Astelehenean hilaren 15ean, goizeko 11.30etan elkartu dira Araiako Asparrena industrialdeko sarreran Hiruko kideak batasun sindikala osatzen duten LAB, ELA, ESK, STEILAS eta EHNE  sindikatuetako ordezkariekin batera, lan istripuan hildako garraiolariari gertatua eta, oro har, istripuetan eragin zuzena duten lan baldintza kaxkarrak salatzeko.

Hildako garraiolariaren senide eta lagunei dolua zein elkartasuna luzatzearekin batera, zera adierazi dute sindikatuek, “beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta kaxkarragoak dira. Azpimaragarria da garraio sektorea osatzen duten garraiolari asko autonomoak direla, baina sektorearen beste zati handi bat gidariek osatzen dute. Gaur egun eta urteetan zehar administrazioen utzikeriak eragindako egoera dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak ez dira hobetu. Ezinbestekoa da garraiolari nahiz gidarien egoera hobetzea, bai egindako lanaren prezioetan, bai lan orduetan, Europako herrialde askotan hartzen ari diren antzeko neurriak kontutan hartuz, izan ere, sektorearen zati bat prekarietatean egoteak, bestea ere, bertara bultzatzen baitu”.

Agintarien jokabidea ere salatu dute sindikatuek: “Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan”.

Gainera, sindikatuek nabarmendu dute, garraiolarien lan istripuak ez direla maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen: “errepide istriputzat jotzen dira, zenbakiak apaintzeko. Besteetan, “heriotz natural” delakoen zifren barruan sartzen ere saiatu ohi dira, ez garraio sektorean bakarrik, lanak eragiten dituen estres egoerak, besteak beste, alde batera nahita utzita”.

Bi kamioik aurrez aurre jo eta bi gidariak ibilgailuetan harrapatuta gelditu ziren, otsailaren 9an asteartean arratsaldeko 14:00ak aldera. Suhiltzaileek atera behar izan zituzten kamioietan harrapatuta zeuden garraiolariak.