Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Garraiolaria hil da lan istripuan Arre eta Uharte artean kamioia iraulita

Astelehenean, apirilaren 22an, goizeko 7ak pasatxo zirenean, garraiolaria hil da Arre eta Uharte artean, Iruñeko PA30 saihesbidean, errepidetik irten eta gidatzen ari zen kamioia irauli ostean. Beste pertsona bat larri zauritu da auto baten eta kamioi baten arteko talkan, Ezkabarte parean, Nafarroako hiriburuko Ingurabideko 11. kilometroan. Foruzaingoak jakinarazi duenez, kamioia gidatzen ari zen garraiolaria hil egin da, eta autoko gidaria, larriki zauritua, suhiltzaileek atera dute ibilgailutik eta Unibertsitate Ospitalera eraman anbulantzian.

Nabarmentzekoa da bizia galdu duen gidariaren adina: 58 urte. Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, gazteak ez dira garraioan hasten, lan-baldintzak ez direlako batere onak. Egoera hori arriskutsua da, bai garraiolarientzat eurentzat, eta baita errepidearen gainerako erabiltzaile guztientzat ere. Adin batetik aurrera, erreflexuak galten dira eta arrisku handiagoa da konortea galtzeko, bihotzekoak edota istripuren bat eragin dezaketen eragozpenak izateko. Horregatik eskatzen du Hiru sindikatuak garraiolariei ere 60 urterekin erretiratzeko aukera zabaltzeko.

2024a bereziki tragikoa izaten ari da errepidean bizia galdu duten garraiolari kopuruari erreparatuz. Estatistika txarrenak gainditzen ari gara aurten. Hilero garraiolari bat hil ohi da batez beste, eta apirilerako zazpi hil dira aurten.
Hiru sindikatuak, LAB, CGT, Steilas, ESK eta EHNE-Etxalde sindikatuekin batera, duela hiru hilabete, urtarrilaren 23an Iruñean emandako prentsaurrekoan ohartarazi zuten Nafarroako errepideetan lan-istripuak ugaritzen ari direla, eta, horregatik, Nafarroako agintariei eskatu zieten “berehalako neurriak har ditzatela joan-etorri kopuru handia murrizteko”, etxetik lan egitea ahalbidetuz, enpresetan mugikortasun planak aktibatuz zein Nafarroako Garraio Publikoa eta herrialdeko errepideen egoera hobetuz. Urtarriletik Nafarroan lanean hil diren zortzi pertsonetatik seik errepidean galdu dute bizitza; gainera horietako hiru ziren garraiolariak: bi azken egunetan hil dira, joan den astean Lleidan garraiolari nafarra eta gaur Ezkabarte parean. Bi hauei, urtarrilaren 17an Kadreitan bi kamioiren arteko talkan hildakoa gehitu behar zaie.

Aurtengoa bereziki tragikoa izaten ari da garraiolarientzat. Dagoeneko zazpi hil dira lan-istripuan, gehienak 60 urte ingurukoak. Adin horretan areagotu egiten dira bihotzeko gaixotasun eta arazoak izateko, konortea galtzeko eta istripu hilgarria izateko arriskuak. 60 urterekin erretiratu ahal izateko Hiru sindikatuaren aldarrikapen historikoari erantzun beharko lioke Administrazioak, beste profesional batzuei, hala nola suhiltzaileei edo poliziei, dagoeneko aitortzen zaien bezala, eta kontuan hartu beharko luke, gainera, arazo kardiobaskularrek sektorean duten eragin handia laneko arriskuen prebentziorako planak finkatzerakoan.