Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Gasolio-prezioaren igoera arintzeko laguntza zuzena eska dezakete garraio arinean dihardutenek

Gasolioaren igoerak garraiolariei eragindako eragozpenak arintzeko Madrileko Gobernuak onartu zuen laguntza zuzena eskatzeko epea apirilaren 1ean ireki du Administrazioak garraio arinean diharduten garraiolari autonomoentzat. Maiatzaren 31ra bitartean egin behar dute eskaera, telematikoki, euskal foru ogasunen web orrialdeetan, gasolio profesionalaren erroldan ez daudenek, hau da, garraio arinean dabiltzanek eta gasa erabiltzen duten ibilgailu astunak dituztenenek. Besteek urte hasieratik kontsumitutako gasolio-litro bakoitzeko 20 zentimoko laguntza jaso dute, eta 10 zentimokoa izango da apiriletik ekaina bitartean.

Ibilgailu arinekin eta furgonetekin lan egiten dutenek 450 euroko laguntza bakarra jasoko dute, 7.5 tonatik beherako ibilgailuak dituztenek 1.000 eurokoa eta, azkenik, Gasa (GLP, GNC edo GNL erregaiak) erabiltzen duten 7.5 tonatik gorako ibilgailu astunarekin dabiltzanek, 3.690 euro. Eskaerak telematikoki egin behar dira, ziurtagiri digitala edota NAN elektronikoarekin, euskal foru-ogasunen webguneetan.

Araban, https://egoitza.araba.eus/eu/-/20-2022-errege-lege-dekretuaren-garraiorako-zuzeneko-laguntzak-eskatzea web helbidean; Bizkaian, https://www.bizkaia.eus/eu/garraiorako-zuzeneko-laguntzak-ematea helbidean; Gipuzkoan, Garraio Empresa eta Profesionalentzako Zuzeneko Diru-laguntza – Egoitza – Gipuzkoako Foru Aldundia helbide elektronikoan, eta Nafarroan, https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/tercera-linea-de-ayudas-directas-a-empresas-de-transporte-por-carretera-para-vehiculos-que-no-puedan-ser-beneficiarios-de-la-devolucion-parcial-del-impuesto-sobre-hidrocarburos helbidean.

Jakina denez, erabilitako gasolio-litro bakoitzeko 20 zentimoko laguntza, erdira murriztu da, bestalde, apiriletik ekainera bitartean. Gasolio profesionalaren erroldaren bidez kudeatzen ari den laguntza 10 zentimokoa izango da orain. Erroldan izena emanda zeudenek foru-ogasunen webguneetan eskuragarri dagoen aitorpena telematikoki bete eta aurkeztu besterik ez dute egin behar izan.

Laguntza hilero ordainduko da, gasolio profesionalaren itzulpenarekin batera (0,049 euro gasolio litro bakoitzeko, 49 euro mila litroko). Erroldako ibilgailu bakoitzak hilean kontsumitutako litroen bidez kalkulatzen da: 20 zentimokoa izan da martxoaren 31ra arte eta litroko 10 zentimokoa ekainaren 30era arte.

Esan bezala 7,5 tonatik beherako ibilgailuak dituztelako edo gasa darabiltelako gasolio profesionalaren figurari atxikita ez dauden garraiolariek eska ditzakete laguntza zuzen hauek apirilaren 1etik aurrera. Zenbateko finkoa ordainduko zaie, behin bakarrik, sei hilabete horietarako: 450 euro 3,5 tonatik beherako ibilgailu arinekin eta furgonetekin dabiltzanei, mila euro 7.5 tonatik beherako kamioia daramatenei eta 3.690 euro gasa darabilen kamioi astuna dutenei.