Urtarrilaren 1etik aurrera, garraiolari batzuk deskontu txiki batzuk izango Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetako ordaintzen dituzten bidesarietan. Bai, gas isuri gutxiago izateagatik EURO izendapena duten motorra eta ibilgailua daukatenek gehienez %25era artekoa; bai, sarri ibiltzeagatik, gehienez %13 artekoa, hain juxtu Europako Batzordeak baimentzen duen topea. Horretarako derrigorrez TAG gailua izan behar dute ibilgailuek eta egindako bidaia-kopuruaren arabera kalkulatuko da beherapena. Hilabetean 51. bidaiatik aurrera ehuneko 13 hori berreskuratuko dute, eta deskontua %10ekoa da 21-50 aldiz erabiltzen badute autobidea. Urritik Ap1 eta Ap8 autopistetan martxan da deskontua Gipuzkoan.
Motor motaren eta isurtzen duten gas kopuruaren arabera aurreikusitako deskontuak % 25ekoak izango dira ibilgailu astunak elektriko, hibrido eta gas bidez dabiltzanak baldin badira, Trafikoren sailkapeneko O eta ECO etiketa duten ibilgailuak, alegia; % 20ko deskontua dute EURO 6 ibilgailu astunek; eta % 15ekoa EURO 5 ibilgailu astunek.
Laguntza horiek jaso ahal izateko, ibilgailuek ViaT, TAG edo Abiatu gailu bat izan beharko dute. Gainera, Bidegin edo interbiak-en alta eman beharko dute, kasu bakoitzean helbide hauetan: https://www.bidegi.eus/eu/deskontuak-2023 ( .eus/es/descuentos-2023 gazteleraz) edota https://interbiak.bizkaia.eus/bidesaria/bidesaria_eficientes.asp?idioma=EU (idioma=CA gazteleraz)
Dagokion sisteman sartu ondoren, garraiolariak erregistratu egin beharko du, pausuz pausu, (inprimakia bete, erabiltzaile bat eta pasahitza jaso, etab.) edo erregistratuta baldin badago orrialdean sartu pasahitza erabiliz.
Bizkaian, garraiolariak darabilen ibilgailu astunaren matrikula sartu behar du ibilgailu eraginkorren sailean, gero ibilgailu astunen deskontuak atalean sartu eta ibilgailu astunen deskontua eskatzeko laukitxoan klik egin. Ibilgailu bat baino gehiago eta horien matrikula erregistratzen dutenek eskabide bakoitzaren egoera kontsultatu ahal izango dute. Erregistratzerakoan ibilgailuaren matrikula, marka, modeloa eta efizientzia maila egiaztatzeko eskatzearekin batera, ziurtagiri teknikoa eransteko eskatzen dute.
Gipuzkoan ezinbestekoa da VIA-T gailu bat izatea, aparatu hori matrikula batekin lotzea (gailu bat = matrikula bat) eta, azkenik, BIDEGIn alta emateko kasu bakoitzean eskatutako dokumentazioa eta datuak ematea. Urritik dago indarrean Ap1 eta Ap8 bideetan, eta A636, N1 eta A15 errepideetan ere aplikatuko da kamioiak bidesarian abiarazten direnean, seguruenik datorren urtarrilaren 23an, aurkeztu beharreko dokumentazioa onartzen duten egunetik (gehienez hilabeteko epea): lotu beharreko ibilgailuaren zirkulazio-baimena, EURO isurien mota egiaztatzeko dokumentazio teknikoa eta dagokion jarduera. Era berean, Bidegin alta sinatu beharko du, ibilgailuaren matrikulari lotutako TAG gailuaren (Via-T) dokumentazioa aurkeztu, deskontuak ordaintzeko banku-kontu korronteko bat ere bai eta bidesarien ordainketak egunean izan beharko ditu.