Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Gipuzkoako aldundiak alde batera utzi ditu garraiolariak berriz ere: “berandu dator N-I errepidearen itxiera-abisua, maniobra aukerarik gabe utzi gaitu”

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zigun N-I errepidetik Beasain eta Andoain artean kamioiak pasatzea debekatuko duela, goizeko 8etatik gaueko 8ak arte, abuztuaren 8tik 23ra. Errepidean berritze lanak egitea ezinbestekoa dela badakigu, baina Aldunduak alde batera uzten gaitu beste behin ere: itxieratik astebete baino gutxiagora, maniobra-aukerarik gabe uzten gaituzte: nola berrantolatuko ditugu ibilbideak? Nola jarraituko dugu lanean egoera honetan? Zergatik ez dute gurekin hitz egin zuzenean eragiten digun erabakia hartzeko orduan? Betiko arrazoia: berdin diegu. Azken hilabeteotan askotan oso baldintza eskasetan funtzionatu duen sektore estrategikoa gutxiesten dute berriz ere.

Foru Aldundiak Beasaindik Andoainera ezarri nahi duen bypass-ak desbideratzera behartzen gaitu, kasu askotan kilometro kopuru bikoitza egin eta denbora bikoitza beharko dugularik. Horrek gainkostu ekonomiko nabarmena dakar, baina baita denbora kostua ere. Gidatze eta atseden hartzeko denborak legez araututa daude. Non geldituko gara? Non daude aspalditik Ap-8an eta Ap-1ean erreklamatzen ditugun atsedenlekuak? Desbideratzea erabakitzen dute, baina ez dituzte sektorearen oinarrizko beharrak kontutan hartzen.

Baina ez gara alde batera utzi gaituzten bakarrak. Zer gertatzen da Covid geldialdiaren ondoren ahalegin itzela egiten ari diren eta era egokian hornitu ezingo ditugun enpresekin? Gipuzkoako Foru Aldundia bere aldetik doa, ez du inor kontuan hartzen.

Arrazoi horiek guztiak kontuan hartuta, garraiolarien erreklamazioei kasu egin diezaion eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari, horrelako erabaki garrantzitsu bat berrikus dezala, kontuan har gaitzatela langile askori eragiten dioten neurri horiek hartu baino lehen, eta, behingoz, salgaien errepideko garraioa merezi duen errespetuz tratatu dezala.