Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hego Euskal Herriko lan-istripuen hazkundea salatu dute sindikatuek

2021ean lan-istripuetan 68 pertsona hil direla kontuan hartzeko, prebentzio-politikak hobetzeko, eta, aldi berean, EAEn eta Nafarroan ikuskatzaile kopurua handitzeko eskatu zieten euskal sindikatuek administrazioei, apirilaren 12an, asteartean, Bilbon eta Iruñean emandako prentsaurrekoetan. Bertan, lan istripu eta gaixotasun profesionalen iazko datuak jakinarazi zituzten ELA, LAB, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek. Horien ustez prebentzio mailan ez da “eraginkortasunik” eta askohobetu daiteke. 

Lan-istripuetan edota lan-gaixotasunen ondozioz hildakoen kopurua, % 10,2 hazi da Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 16,7 Nafarroako Foru Erkidegoan joan den urtean, ELA, LAB, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarrekin aurkeztutako lan-osasunari buruzko txostenaren arabera. 
2021ean, gutxienez 48 heriotza izan dira EAEn eta 20 Nafarroan; beraz, sindikatuen ustez, “Aurreko urteetako joera negatiboa ez da eten, datu oso txarrak izaten jarraitzen dugu”. Adierazgarria da sindikatuentzat, “pandemiaren ondorioz 2021ean langileek gizartean zein lan arloetan ondorio kaltegarriak pairatu arren eta urte osoan zehar mugak eta murrizketak izan ziren arren, laneko ezbehar-tasak nabarmen egin du gora”.

Gainera, txostenak jasotzen duenez, EAEn, iaz, gutxienez 205 pertsonak izan zuten lan-istripu bat; Nafarroan, berriz, 30 lagunek.

Gaixotasun profesionalak sarriegi estatistika ofizialetan ez direla agertzen salatu zuten sindikatuek. Azpierregistratuak daude: “Hainbat pertsona hil dira 2021ean amiantoarekin lotutako patologiengatik, gutxienez 12, baina asko ez dira laneko gaixotasuntzat hartzen, eta, beraz, estatistika ofizialak ez dute benetako errealitatea jasotzen”. 

Lan-istripuetan hildakoen kopuruak ere ez datoz bat. Estatistika ofizialen arabera, 35 dira EAEn eta 13 Nafarroan. Sindikatuen arabera, 48 dira EAEn hildakoak eta 20 Nafarroan. Nabarmen 2020an baino gehiago.  Garraiolariak izan dira istripu hilgarrien % 15,6ko protagonistak. % 26 ez dira traumatikoak, % 14 alturatik erorita hil dira, % 22 in itinere, % 28 harrapaketa edo kolpe baten ondorioz. Gainera, nabarmentzekoa da hildakoen % 19 azpikontratatuak zirela.

Industriaren sektorean izan dira lan-istripu hilgarri gehien (guztien % 44), zerbitzuen sektorean ( % 28) eta eraikuntzaren sektorean ( % 11). Sindikatuen arabera, “aipamen berezia” merezi du basogintza-sektoreak, bertan 6 langile hil baitira, guztien % 13”. Garraiolarien kasua ere esanguratsua da, 10 garraiolari ere hil dira, arrantzale bat, eta nekazaritza sektoreko langile bat. Era berean, sindikatuek Burkina Fason eraildako euskal kazetariak ere gogoratu zituzten.


Sindikatuentzat, ulergaitza da Euskadin eta Nafarroan hainbeste  lan-istripu izatea, “are gehiago kontuan hartuta istripu eta gaixotasun profesional oro saihets daitekeela baliabide tekniko eta giza baliabide egokiak jarriz gero”, baina, gogor kritikatu dutenez, “beste urte batez horretan huts egiten jarraitzen da”.

Horren ildotik, sindikatuek salatu zutenez, “enpresek ez dute nahikoa inbertitzen eta behar adina diru bideratzen langileek lantokietan segurtasun-baldintza egokiak izan ditzaten. Gobenuak ere kritikatu zituzten, “ez dituzte prebentzio-politikak aldatzen, ez dira eraginkorrak, eta ez dituzte langile gehiago jartzen enpresetan prebentzio-maila egokiak ziurtatzeko”.

Horregatik, bai Lan Ikuskaritzan bai Osalanen langile eta teknikariak gehitzeko eskatu dute. 100 ikuskatzaile gehiago eskatu dituzte EAEn eta 50 gehiago Nafarroan, “Europar Batasunarekin parekatzeko”. ” Istripu eta ezbehar-tasa handiak dituzten enpresak, arrisku handiak hartzen dituztenak oso gertutik ikertu” beharra ere azpimarratu zuten sindikatuetako ordezkariek. 

“Hori aldatzen ez den bitartean, enpresetako prekarietatea eta baldintza kaxkarrak desagerrarazten ez diren bitartean, urtero berrogeita hamar langile baino gehiago hilko dira Hego Euskal Herrian; eta sindikatuak aurrean izango gaituzte salatzeko, langileen osasuna eta bizitza zaindu dadin, goitik beherako aldaketak eskatzeko “, amaitu dute.

Migel Anjel Lekue, Txirri, izan zen Hiruko ordezkaria prentsaurrekoan.