EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko sistema legez kontrakotzat jo ondoren, maiatzaren 14an N-Ieko bidesariaren inguruko arauaren aldaketak martxan jarri ziren. Era honetara, ordaindu beharreko tarifak eta ordain lekuak aldatu ziren. Aldaketa hauek bertako garraiolarien kalterako izan dira, bidesaria garestitu egin baita bertako garraiolariek gehien erabiltzen duten errepide zatian.
Aurreko arauaren moduan, oraingoan ere, igarotze maiztasuna dela medio, bertako garraiolariak izango gara bidearen erabilerarengatik gehien ordainduko dugunak. Ezin dugu ahaztu garraioa zerbitzu publiko bat dela: gizartearen beharrei erantzuteko gabiltza errepideetatik. Errepide hau erabili behar dugu bai edo bai: Gipuzkoako industria N-Iean kokaturik dago, enpresa ertain eta txikiak ere bai; ez daukagu, gainera, doako alternatibarik.
Diskriminatuak sentitzen gara, bai garraiolari bezala, bai herrikide moduan ere. Alde batetik, garraiolari gipuzkoarrek bitan ordainduko dituzte errepideak: zerga bidez behin eta bidesari bidez, bigarrenez. Esan bezela, ordaintzera behartzen gaituzte inolako aukerarik eman gabe.
Bidesari sistemak gure ekonomian duen eragina nabarmena da: hilabetero ordaindu beharrekoa gero eta gehiago da eta garraioak gaur egun duen egoera kontutan hartura, gure etorkizuna gero eta kaskarroa dela argi dago.
Aldundia nahiz Eusko Jaurlaritzari luzatu dizkiegun eskariak ezer ezean geratu dira. Sektoreak irizpide integrala duten jokabideak behar ditu euskal garraiolari autonomoen etorkizuna bermatzeko, eta gure sare industrialaren, eredu ekonomikoaren eta gizartearen beharraren arabera antolatutako merkantzien garraio eredua diseinatzea izan behar da helburua. Hori lortzeko modua ez da, etengabean, bidean trabak jartzea. Argi dago estrategiakoa den eta Euskal Herriko ekonomiaren garapenean hain garrantzitsua den garraio sektorean protagonista garenok duintasunez lan egin ahal izateko behar duguna, aurrera pausoak emateko beharrezkoa dena, borondate politikoa dela.
Horregatik guztiagatik Arartekoaren aurrean Gipuzkoako Aldundiaren aurkako kexa bat jarri du Hiruk, bultzatu duen bidesari sistema horrek diskriminazioa bultzatzen duelako eta hori ekiditeko era bakarra sistema etetea dela uste dugulako.