Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiruk bat egin du A636 Peajerik Ez plataformarekin Urretxu-Zumarragan larunbatean manifestazioa egiteko

Deskargan Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri duen bidesariaren aurkako protesta egingo dute Hiru sindikatuak eta A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataformak, larunbatean, hilaren 12an, Urretxu eta Zumarragako kaleeetan zehar, goizeko 11:00etan bi herriak lotzen dituen Pirulotik hasita.  

Beasain eta Bergara artean, Deskargan, A636 errepidean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri duen bidesariak garraiolariei eragingo die bereziki; bikoitza ordainduko dute, turismoekin alderatuta, eta ez dute ibilbide alternatibo bat erabiltzeko aukerarik izango, Deskarga mendateko errepide zaharretik zirkulatzea debekatuta baitute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak urtarrilaren 18tik kobratzen du bidesaria errepide horretan, A15 eta N1 errepideetan erabiltzen den arku-sistemaren antzekoa erabilita. Bidesariak autobiaren hiru zatitan jarri dira, zehazki, Beasainen, Ezkion eta Deskargan, bertan jarri diren hiru atari edota arkuen bidez kontrolatuta. Bidesariaren zenbateko osoa 2,53 eurokoa izango da autoentzat, eta 5 eurokoa kamioi astunentzat. Motorrak bakarrik libratuko dira; egunero bide hori erabili ohi duten 9.000 ibilgailuk baino gehiagok bidesaria ordaindu ahal izateko gailu edo sistema elektronikoren bat izan beharko dute. Ez darabiltenei isunak jarriko die Gipuzkoako Aldundiak. Hasiak dira horretan.

Aldundiak 2018ko urtarrilean hasitako diru-bilketa politikarekin jarraitzen du. Jakina da, N1 eta A15ean kamioiei jarritako bidesari hori, momentuz ez duela kobratzen, epaitegiek baliogabetu egin zutelako baztertzailea dela argudiatuz. Hala ere, jada onartuta dauka beste arau bat, 2022-23tik aurrera N1 eta A-15aren Gipuzkoako zati guztietan bidesaria jartzeko. Gipuzkoako Batzar Nagusiek joan den abenduan N1 eta A15 errepideetan bidesaria berriro kobratzeko onartutako hirugarren Foru Arau hori Europako Batzordearen oniritziaren zain dago.

Kamioientzako bidesaria indarrean egon den 3 urte eta erdian, urrian eten zen arte, Gipuzkoako Foru Aldundiak ia 40 milioi euro bildu ditu, eta orain kaltetutako milaka garraiolariei itzuli beharko dizkie.