Mota guztietako ibilgailuentzat zer nolako bidesaria inposatuko duen iragarri du Gipuzkoako Aldundiak gaur. Hirun, bidesariak azpiegituren mantentze lana kudeatzen jakin ez duten politikarien porrota direla azpimarratu nahi dugu berriro ere: herritarrek bigarren aldiz ordaindu beharko dute orain bidea. Covid-19aren krisia dela eta, garraiolariontzat ez ezik, gizarte osoarentzat egoera delikatua den honetan, Aldundiak agerian jarri du berriz dirua biltzeko grina eta A-636 errepidean hilabete gutxi barru bidesaria ezarriko duela iragarri du gaur.
Bidesariak inguruko bizilagunei eta, bereziki, garraiolariei kalte eginen die, azpiegitura bat bi aldiz ordaindu beharko baitugu berriz ere.
Garraioak behar duena ez direla bidesariak gogora ekarri nahi diogu Hirutik Gipuzkoako Aldundiari, sektorea bizi dugun egoera kaskarretik aterako duten benetako politikak baizik. Tokiko garraioaren erabilera sustatzea, bidegabeko lehia jazartzea edo orain arte egindako lanen ordainketa bermatzea, legeak ezartzen dituen denbora-mugen barruan, Aldundiak lehen mailan jarri beharko lituzkeen premiazko eta ezinbesteko kontuak baitira.