Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiruk N-Ieko bidesaria gelditu eta era bidegabean kobratutako guztia itzultzea exijitzen dio Gipuzkoako Aldundiari

Euskal Herriko Garraiolarien Sindikatuak, Hiruk, N-Ieko bidesaria gelditu eta era bidegabean kobratutako guztia garraiolariei itzultzeko exijitzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak baliogabetzat jo du N-I errepideko bidesaria arautzen duen 6/2018 Foru Araua, lehen kobrantzaren aurreko “bertsioa” arautzen zuen 7/2016 Foru Araua, bidegabekotzat jo zuen moduan. Hiruren ustetan ezin da era honetara garraiolariekin jolastu. Argi daukagu sektore bakar batek ezin duela azpiegitura publiko bat finantzatu, izan ere, publikoa den heinean, zerga bidez ordaindu beharko bailitzateke.

Argi geratu da Gipuzkoako Aldundiari arduratzen dion gauza bakarra dirua jasotzea dela. Garraio sektoreak behar duena ez dira bidesariak, benetako politikak baizik: ezinbestekoa da administrazioek euskal garraioaren erabilpena bultzatzea; ordainketak bermatzea; eta ez egoera larrian dagoen sektore bati bidesariak ordainaraztea.