Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiruko garraiolariek geldi eta mobilizatzen jarraituko dute garraio duinaren alde

Hiruko garraiolari autonomoak batzarrean bildu dira igandean eta gehiengo zabalak geldi jarraitzea erabaki du. Eta baita beren aldarrikapenen alde, eta garraioan baldintza duinak eskatzeko mobilizatzea ere. 150 garraiolari elkartu dira Altsasun egin den ez-ohiko batzarrean.

Batzarrak berretsi eta positiboki baloratu ditu euskal administrazioekiko harremanetan emandako aurrerapausoak eta emandako urratsak, “ateak ireki zaizkio gure ikuspegiari eta eskaerei” eta bestalde, berriro ere gogor kritikatu dituzte Madrilgo Gobernua eta berarekin hartuemanetan izan den Garraio arloko Komitea, aurreko ostiralean bezala. Batzarrean behin eta berriro atera da gaia eta kritikatu, egun hauetan argi ikusi dela “garraiolari autonomoa ez dutela aintzat hartzen, ez dute begirunerik”, eta beste erremediorik ez dutela izan garraiolariek, muturreko erabakia hartu eta gelditu kaso apur bat egin diezaioten, “horretara behartu gaituzte administrazioek urtetan baztertu ondoren, gutxieneko arreta jasotzeko; guztien utzikeria salatu nahi dugu, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Foru Aldundiarena barne”.

Gobernu Zentralaren eta Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalaren arteko akordioa ere gogor kritikatu da ez ohiko batzarrean. Garraiolarien ustez ez da nahikoa: “Beste behin ere garraio-enpresa handien interesak lehenesten ditu, hain juxtu garraiolari autonomoek bizi duten egoera txarraren errudun nagusienetako batzuenak, 400.000 eurorainoko saria eman die enpresa bakoitzeko zuzeneko laguntzetan”.

Hiruko garraiolariek egiaztatu dutenez, akordio horretan zehaztu ez diren funtsezko gaiak daude, konkretatu ez direnak edo gainetik jorratu direnak, hala nola garraioaren azpikontratazioen gaia edo garraio-zerbitzua kostuen azpitik egiteko debekuaren gaia; Eta beste batzuk ez dira aipatu ere egin gure ustez oinarrizkoak diren arren, hala nola bi eskaera historiko, 60 urterekin erretiroa eta sektoreko langileen gaixotasun profesionalen aitorpena. Horrek guztiak agerian utzi du Hiruren ustez, ez gobernuak ez Garraioaren “Komiteak” ez dituztela garraiolari autonomoen interesak defendatzen.

Beraz, Hiruko garraiolariek geldirik jarraitzea erabaki dute gutxieneko batzuk lortu arte, garraiolaririk ez dadin egon baldintza kaxkarretan eta kostuen azpitik lanean errepidean.

Kamioi karabana

Astelehenean mobilizazioekin segituko dute Hiruko garraiolariek. Arratsaldeko 16.00etan Olaberriako LIDLeko aparkalekuan elkartu eta Irunera joan etorria egingo dute.