Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiruko garraiolarien batzarrak berriro lanera itzultzea erabaki du

Gaur arratsaldean Lasarten bildu diren Hiruko garraiolari autonomoek lanera itzultzea erabaki badute ere, euren aldarrikapenen alde borrokan jarraitzeko konpromisoari eutsi diote. Esan dute adi egongo direla, euskal administrazioek garraiolariaren eskaerak aztertzeko emandako hitza bete dezaten. 

Batzarrak ondo ikusi du iritzi publikoan garraiolarien problematikak izan duen ikusgarritasuna, egindako mobilizazio masiboak, garraiolarien eskaerek izandako oihartzuna, Nafarroako eta Eusko Jaurlaritzako gobernuen elkarrizketarako prestasuna eta ireki diren ateak, besteak beste; era berean, atzo aldundiek iragarritako neurri eta hobari fiskalak ontzat jo dira batzarrean, garraiolari autonomoentzat onuragarriak izango direla espero da, oraindik baieztatu eta zehaztu gabe badaude ere. 

Halaber, egiaztatu da garraiolari askok lortu dutela beren lan-baldintzak hobetzea eta bezeroekin garraioaren tarifak berrikustea. Bildutako 90 garraiolari autonomoetatik 50ek lanera itzultzearen alde bozkatu dute, 31k geldirik jarraitzearen alde eta gainerakoak abstenitu egin dira.

Garraiolariek espero dute administrazioek neurriak hartuko dituztela, tarifak gastuen arabera berrikusi daitezen, jarduera 60 urterekin uzteko laguntzak egon daitezen, eta beste zenbait aldarrikapen bete daitezen. Ez dute baztertzen datozen asteetan mobilizazioak egitea, inork ez dezan baldintza kaxkarretan lan egin, garraiolari autonomoak eta euskal garraio-sarea desagertu ez daitezen.