Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiruko garraiolarien kamioi karabana jendetsua Jaurlaritzaren aurrean

Hiruk oso positibotzat jo ditu asteartean eta asteazkenean Iruñean eta Gasteizen, hurrenez hurren, egindako mobilizazioak, garraiolari autonomoen erantzun ikusgarriagatik eta parte-hartze zabalagatik. Iruñeko eta Gasteizko kamioi-martxetan ehunka garraiolarik hiriburuetako etorbide nagusiak zeharkatu dituzte.

Horrela, Altsasun larunbatean egindako ezohiko batzarrean hartutako erabakiak betetzen ari dira, hau da, garraioaren aldeko plataformak deitutako lanuztea babestea, mobilizatzea eta gure esparruko administrazioen babesa eskatzea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernu eta aldundiena, alegia. Horrela, ostiralean protesta eta aldarrikapena Gipuzkoan egingo da, Donostian aurrekoen antzeko kamioi karabana bat errepikatuko da. Garraiolariak Lanbarrenetik Miramongo Batzar Nagusietara joango dira, administrazioek kamioientzat ezarri nahi dituzten bidesarien afera nabarmentzeko.

Hiruko garraiolariak Lanbarrenen Bideko Aterpek duen zerbitzugunearen inguruan bilduko dira goizeko 10:00etan, 10:30ean Donostiara abiatzeko. Kamioien martxa Miramonen ADEGI Gipuzkoako enpresarien egoitzatik eta Gipuzkoako Batzar Nagusietatik igaroko da. Enpresaburuen elkarteari tarifen berrikuspena babestu eta erraztu dezala eskatuko zaio. Batzar Nagusiei benetan erakutsi dezatela garraioa funtsezko jarduera dela gizartearentzat eta enpresentzat, hots, sektorea babestu dezala, bidesariak ezarriz edo fiskalitatean aldaketak eginez zigortu beharrean.

Bezeroei egunotan tarifen berrikuspena eskatzeko aholkatu die Hiruk afiliatu guztiei eta zenbatekoa nola kalkula daitekeen azaltzen duen orri bat luzatu. Horrela eskura izango dute igoerak kalkulatzeko aplikatu beharreko formula, hau da, gasolioaren edo beste gastu batzuen prezioa kontratua sinatu zenetik garraioa egin arte garestitu den kasuetan egin behar dutenaren azalpena, fakturan hasieran hitzartutako prezioa berrikusi eta aldatzeko. 

Hiruk deitutako mobilizazio jendetsuak normaltasunez egin dira eta agintarien gomendioak bete dituzte. Mobilizazio horiek izan dira Hiruren ekimen bakarrak, ez du informazio-piketerik antolatu, eta izatekotan lanuztearen deitzailearen erantzukizuna izango da. Lehen egunetik, Hiruk errespetatu egin du dagoeneko prezioen berrikuspena lortu dute afiliatuen lan egiteko erabakia. Hori bai, garraiolarien aldarrikapenei erantzuteko eskatu die Hiruk administrazioei.

Ehun garraiolari inguruk batzarra egin zuten Lakuatik joan etorria egin eta gero.