Hiru Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuko kideak larunbat goizean ezohiko batzarrean Altsasun bildu eta gehiengoak datorren astelehenetik aurrera Garraioaren Defentsarako Plataformak deitutako lanuzte mugagabea babestea erabaki zuen. Astelehenean hasiko dira bezeroei tarifen igoera eskatzen, asteartean Iruñan Nafar Gobernuaren aurrean konzentratuko dira eta asteazkenean Gasteizen, Lakuan, Jaurlaritzaren aurrean. Lanuztearen alde egin dute gehienek, baina badira, bezeroekin tarifak gasolioaren igoeraren arabera berritzea hitzartu dutenak eta gelditzeko asmorik ez dutenak.
Altsasun bildutakoek egiaztatu zuten ezin dela jakin zenbateraino garestituko den erregaia, eta ezinbestekoa dela garraioaren tarifak gasolioaren prezioaren igoeraren arabera aldatzea: gutxienez hamabost egunean edo hilabetean behin berrikusi behar direla; are gehiago, batzuek adierazi dute jada lortu dutela asteroko berrikuspena. Halaber, batzarrean agerian gelditu zen, Plataformaren aldarrikapenak Hiruk azken urteotan defendatu dituenen oso antzekoak direla; laburbilduz, inork ez dezala kostuen azpitik lan egin, tarifen berrikuspena gastuen gehikuntzaren arabera, eta garraioan diren jokabide makurren kontrola, besteak beste postontzi-enpresa, kooperatiba faltsu eta azpikontratazioena.
Hiruko garraiolariek ondorengo egunetan euren aldarrikapenak kalera eramango dituztela erabaki zuten eta baita sindikatuak afiliatuei laguntza emango diela bezeroekin garraioaren prezioak negoziatzeko orduan. Erabaki zuten astelehenean bertan bezeroei tarifak igotzeko eskatzen hastea.
Asteartetik aurrera kalera aterako dira. Iruñean, Kamioien manifestazioa ergingo da Galarretik Nafarroako Gobernuaren egoitzaraino eta, asteazkenean, Gasteizen Langraitz Okatik Lakuako Jaurlaritzaraino. Goizeko 9etan dira hitzorduak Bideko Aterpek Galarren eta Langraitz-Okan dituen instalazioetan, hurrenez hurren; garraioaren egoera larria salatzeko, sektorean baldintza duinak aldarrikatzeko eta neurri zehatzak eskatzeko, hala nola, Administrazioak Euskal Herriko garraio sarea babestu dezala, hau da, bertako enpresei zerbitzua emango dien sarea zaindu; fakturak gasolioaren prezioaren arabera berrikustea nahitaezkoa izan dadila, eta horrekin batera, hartu ditzala lan baldintza kaxkarrei aurre egiteko neurriak ere: kooperatiba faltsuak kontrolatu eta behatu, pausoak eman ordainketak hilabete baino gehiago atzeratu ez daitezen, azpikontratazioak baztertu eta gutxieneko tarifa baten azpitik lan egitea debekatu; kamioiei jartzen zaizkien bidesariak kendu eta errepideen konponketa publikoa izan dadila; erretiratzeko adina 60 urtetan izan dadin laguntzak, gaixotasun profesionalak dituzten garraiolariak jubilatzeko aukera handitzea eta lanbidean hasi nahi dutenentzat Lanbide Heziketa abian jartzea ere eskatuko dute.
Garraiolari batzuek adierazi zuten dagoeneko lortu dituztela gasolioaren prezioa konpentsatzeko igoerak eta ez direla geldituko. Askok, ordea, ez dute kamioia hartzeko asmorik, egungo baldintzetan huskeria irabaziko dutelako eta sindikatuaren laguntzarekin, tarifaren igoera eskatzen jarraituko dute.