Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Hiruren mobilizazioa Bidegin bidesarien eta garraioaren egoera jasanezina salatzeko

Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko zenbait kidek garraioaren egoera larria salatu dute gaur, astelehenean, goizean Bidegik Aritzetako zerbitzugunean duen egoitzan. Lasarte Oriako Allerru gasolindegitik 10.30etan abiatu eta Bidegiren egoitzaren aurreraino martxa egin dute kamioiekin, oro har, garraioaren sektorearen muturreko egoera eta zailtasunak agerian jarri, eta, aldi berean, Bidegiri eta Gipuzkoako Foru Aldundiari 2018ko urtarriletik garraiolariei N1 eta A15ean ezarritako bidesari gisa bidegabeki kobratutako kopuruak automatikoki itzuli ditzatela eskatzeko. Jakina da auzitegiek kamioiei bidesariak ezartzeko eta arautzeko foru-arauak baliogabetu zituztela eta, beraz, itzuli egin behar zaizkie kobratutakoak. Garraiolariak zuzenean itzultzeko eskatzen ari dira, baina aldundiak aurreratu du soilik epaitegitik datozen eskaerak hartuko dituela aintzat. Arduragabekeria handia da Hiruko kideen ustez Aldundiaren jarrera hori, ia dena internet bidez egiten den garaiotan, eurek automatikoki kobratutakoa ez itzultzea automatikoki, datu guztiak eurak edukita.   

Azaroaren 20an egindako batzarrean erabaki zuten Hiruko kideek datorren asteetan zenbait mobilizazio egitea, garraioaren egoera latza salatzeko, eta zenbait neurri konkretu eskatzeko, besteak beste, Administrazioak Euskal Herriko garraio sarea babestu dezala eta sektorean diren lan baldintza kaxkarrak zein jokabide makurrak kontrolatu ditzala. Beharrezko ikusten dute Hiruko garraiolariek gasolioaren prezioaren eta beste gastuen  arabera berrikusiko den faktura nahitaezkoa izatea, garraiolari eta bezeroek derrigorrez erabiliko dutena; Esan bezala lan baldintza kaxkarrei aurre egiteko neurriak ere eskatzen dituzte, zenbait jokabide desagertu daitezen, kooperatiba faltsuak kontrolatu eta behatzea, azpikontratazioak eta ordainketetan atzerapenak saihestea  eta gutxieneko tarifa baten azpitik lan egitea debekatzea.

Bestalde EAEko hiru Foru Aldundiek eta Nafarroako Foru Gobernuak kamioiei bidesariak  jartzeko dituzten egitasmoak bertan behera uzteko eskatzen ari dira garraiolariak, errepideen konponketa publikoa izan dadila, hau da azpiegitura publikoak direnez zergen bidez jasotakoarekin ordaindu daitezela; 

Argi da lanbide gogorra dela, eta Administrazioari jubilatzeko laguntzak handitzeko eskatzen dio Hiruk, garraiolariek 60 urterekin erretiratzeko aukera izan dezaten; eta erreleboa ziurtatzeko, goi mailako Lanbide Heziketa zikloa antolatu dezatela garraiolari profesional berriak prestatzeko. 

Gaurko mobilizazioak jarraipena izango du abenduan, batetik  ibilgailuen martxak egingo dituzte Hiruko garraiolariek Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrean, Administrazioaren utzikeria, laguntzarik eza, kamioiei bidesariak ezartzea eta zerga-presioa areagotzea salatzeko; bestetik kontzentrazioa Confebasken egoitzaren aurrean, garraiolariaren gastuen igoeraren neurri berean tarifak berritu daitezela eskatzeko. 

   Batzarrean argi geratu zen garraiolariei Hego Euskal Herri osoan jarri nahi zaizkien bidesarien aurkako jarrera irmoa. Lanuzteari buruz, batzarrean nabarmendu zen, greba deitu dutenen artean direla garraioaren aritzen diren flota edo enpresa handiak, hain juxtu, gaur egun garraioa egoera larrian egotearen, eta hainbat gidari baldintza kaxkarretan lanean jardutearen erantzule nagusiak eta, betiere, euren interesak garraioaren beharren gainetik jarri dituztenak. Dena den, garraiolari autonomoek azken urtetan egin dituzten eskaerei eutsiko diet eta urte bukaerara bitartean zenbait mobilizazio egin, garraioaren muturreko egoerari, dituzten zailtasun handiei eta euren irabazien galerari erantzuteko. 

Allerrutik abiatu eta martxa egin zuten garraiolariek Bidegiraino. Bertan, zenbait garraiolariren erreklamazioak aurkeztu zituzten