Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Ibilgailu arinekin dabiltzan garraiolariak elkarrekin ari dira baldintza duinen alde

Garraio arinaren sektorean lan egiten duten hogei bat garraiolarik parte hartu zuten ekainaren 4an, larunbat goizean, Hiru, UniatramcUGT eta Asotravak deitutako batzarrean, azken elkarte horrek Zorrotzan dituen lokaletan. Horietako batzuk garraio arineko hainbat plataformatan, besteak beste, Langarri, Rhenus, DHL, Correos Express eta Seurren lan egiten duten garraiolarien ordezkari ziren.

Bildutakoek adierazi zutenez, behar beharrezkoa da gaur egungo egoera jasangaitzari aurre egiteko elkarlana, euren alorrean lan-baldintza oso kaxkarrak baitira, lanaren aldakortasunagatik, desprofesionalizazioarengatik eta araugabetzearengatik.

Horregatik administrazioaren inplikazio handiagoa eskatzea erabaki zuten, batez ere, zenbait aldarrikapen azpimarratuz, hala nola garraio arineko ibilgailuentzako gasolio profesionala eta lehia desleialari aurre egiteko ikuskapen eta kontrol kanpainak.

Bildutakoek elkarrekin lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuten profesionalki interesgarriak diren adostasunak erdietsi eta gutxieneko lan baldintza duinak lortzeko, zein ez dagozkien zamalanak edo lanaldi luzeegiak saihesteko.

Halaber, administrazioko ordezkariekin harremanetan jarriko dira, honek ibilgailu arinen sektorean dauden irregulartasunei eta lehia desleialari erantzungo dien ikuskapen-plan bat abiarazi dezan.