Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Igandean erabakiko dute Hiruko garraiolari autonomoek lanuztearekin jarraitu ala ez

Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko zuzendaritzak gaur goizean egindako bileran erabaki du afiliatuak ezohiko batzar batera deitzea igandean, goizeko 10.00etan, Altsasun, garraioaren defentsarako plataformak deitutako lanuztea babesten jarraituko duten ala ez erabakitzeko.

Sindikatuko arduradunek gaur goizean egindako bileran argi ikusi dute “garraiolari autonomoa ez dutela aintzat hartzen, ez dute begirunerik, muturrera eraman behar izan du egoera eta gelditu kaso apur bat egin diezaioten. “horretara behartu gaituzte  administrazioek urtetan baztertu ondoren, gutxieneko arreta jasotzeko; guztien utzikeria salatu nahi dugu, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Foru Aldundiarena barne. 

Gobernu Zentralaren eta Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalaren artean gaur goizaldean argitaratu den akordioari dagokionez, adierazi dute ez dela nahikoa: “Beste behin ere garraio-enpresa handien interesak lehenesten ditu, hain juxtu garraiolari autonomoek bizi duten egoera txarraren errudun nagusienetako batzuei, eta 400.000 eurorainoko saria eman die enpresa bakoitzeko zuzeneko laguntzetan”.

Hiruko garraiolariek egiaztatu dutenez, akordio horretan zehaztu ez diren funtsezko gaiak daude, konkretatu ez direnak edo gainetik jorratu direnak, hala nola garraioaren azpikontratazioen gaia edo garraio-zerbitzua kostuen azpitik egiteko debekuaren gaia; Eta beste batzuk ez dira aipatu ere egin gure ustez oinarrizkoak diren arren, hala nola bi eskaera historiko, 60 urterekin erretiroa eta sektoreko langileen gaixotasun profesionalen aitorpena.

Horrek guztiak agerian utzi du Hiruren ustez, ez gobernuak ez Garraioaren “Komiteak” ez dituztela garraiolari autonomoen interesak defendatzen.

Hiruk, Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak, datorren igandean, martxoak 27, goizeko 10etan Altsasun bere afiliatu guztiak Ezohiko Batzar Nagusira deitu ditu lanuztearen inguruan erabakia hartzeko.