Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Langile eta garraiolariak euskal presoen eskubideen alde elkartu dira Donostian

ELA, LAB, STEILAS, ESK, ENHE, CNT, CGT-LKN eta Hiru sindikatuko ordezkariak, Sarerekin batera, Donostian elkartu dira gaur eguerdian euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legedia amaitzeko eskatu eta etxerako bidean beste urrats bat emateko. Izan Bidea dinamikaren baitan, Sareren aldarria lantokietara eraman da azken asteotan eta sindikalgintzatik dinamikari emandako hauspoa Donostiara eraman da ekainaren 4an. Goizeko 11.30etan hasi da manifestazioa Saguesen, euripean, eta eguerdian amaitu Boulevardean. Bukaeran Inaxio Oiarbide Sareko kideak hitzegin du denen izenean. “Azken urteetan zehar, Euskal Herriko gehiengo sindikal, sozial eta politikoak euskal presoei ezarritako salbuespenezko espetxe politikaren amaiera eskatu du. Jendarte zibilaren mobilizazioari nahiz instituzioen interpelazioei esker, urratsak ematen hasiak dira norabide horretan; ez nahiko genukeen bezainbeste, ez nahiko genukeen bezain azkar, baina urratsak ematen ari dira, euskal presoen gerturatzeari edota gradu aldaketari dagokionez. Prozesu hori bururaino eramatea eskatzen dugu, berriro ere, euskal preso guztiak Euskal Herriratuz, preso gaixo guztiak kaleratuz nahiz salbuespenezko neurri oro indargabetuz. Horretarako herritarron aktibazioa eta baita langileriarena ezinbesteko elementuak dira. Horregatik gaude gaur hemen. Pausoz pauso, ibilian-ibilian, etxerako prozesu hori azkartu nahi dugu; oraindik bide luzea dugu egiteko”.

Manifestazioaren amaierako hitzartzean sindikatuek gogorarazi dute oraindik ere, preso eta senide gehiegi daudela ehundaka kilometroek bereizita, baita 18 larriki gaixo diren preso ere. “Graduen progresioa ematen hasi bada ere, hirugarren gradua gutxi batzuei soilik ezarri zaie eta asko dira 3/4 beteak izan arren, espetxean jarraitzen duten presoak edota Frantzian jada bete duten zigorra Espainian berriro betearazten zaien presoak ere… beraz oraindik badugu lana eta  salbuespenezko neurri guztiak amaitzeko eskatzen jarraitu behar dugu. Euskal presoen etxeratze prozesua abian jarri da. Berau gauzatzeko legeak ematen dituen aukera guztiak baliatu eta beharrezkoak diren neurri politiko eta administratiboak hartzea beharrezkoa delarik”.

Bukatzeko etxera itzultzen diren presoek lanean txertatzeko dituzten zailtasunak ere aipatu ditu Oiarbidek, “elkarbizitza eraikitzeko ezinbestekoa da, besteak beste, presorik gabeko etorkizuna gaurdanik marrazten hastea, lehen lehenik, euskal herriratzea eta gradu progresioa ahalbidetuz. Urrats hori emateko gakoetakok bat euskal presoei lanerako sarbidea ahalbidetzea da. Lanpostu bat izatea hirugarren gradura igaro ahal izateko beharrezko baldintza ere izan ohi da. Horregatik, sindikalgintzatik ere, bide hori hauspotzera gonbidatu nahi zaituztegu.   Aldarrikatzen, mobilizatzen eta adostasunak bilatzen jarraituko dugu. Etxerako bidea egiteko bultzada izan gaitezen. lortuko dugu!” amaitu du hitzaldia.