Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Jaurlaritzak laguntza emango du takografo adimentsuak jartzeko

Derrigorrez bigarren belaunaldiko takografo moderno adimentsuarekin saldu behar ziren kamioi berriak abuztutik, baina aparatu horiek ekoizten dituzten enpresek nahikoa ez dauzkatenez, parentesi bat ireki dute abendura arte. Hori bai, kamioi zaharretan ere jarri beharko dira aparatu berriak. Nazioarteko garraioa egiten duen ibilgailu orok 2024ko abendua amaitu baino lehen jarri beharko du takografo adimentsua. Eta gaur egun lehen belaunaldiko takografoa duten ibilgailuek aldatu egin beharko dute berriarengatik, 2025eko abuztua baino lehen.Eusko Jaurlaritzak ordezkapenak egiteko, takografo adimentsu berriak jartzeko, dirulaguntza emango du. 5 milioi eurotik gorako aurrekontua du teknologia berriak martxan jartzeko egitasmo honek,  Europar Batasuneko Next Generation funtsei esker. Garraiolari eta enpresen artean banatuko dira. Laguntza eskatzeko epea 2024ko ekainaren 30era arte dago zabalik, baina lehenbailehen eskatzea hobe da aurrekontua bukatu arte banatuko baitira. 

Teknologia berriak erosteko da laguntza oro har: takografo berria jartzeko 3.000 eurokoa, ibilgailu bakarra dutenentzat; gehienez 12.000 eurokoa 10 ibilgailu edo gehiago dituztenentzat. Kontrol elektronikoaren kudeaketa, TMS/ERP eta SAE sistemak jartzeko eta berritzeko edota ticketing sistemak hobetzeko ere emango dira laguntzak, besteak beste. Garraio arin edo astunean dabiltzan garraiolariek eska dezakete laguntza, 3,5 tonara artekoak eta 3,5 tonatik gorakoek, alegia. Takografo berria jartzeko laguntza, kamioi astuna dutenek soilik.  

Bigarren belaunaldiko takografo digital adimentsu horiek erosteko laguntzaren barruan daude ibilgailuan jarriko den aparatuaren beraren zein mugimendua eta kalibrazioa neurtzeko sentsorearen erosketa eta beste zenbait gastu ere bai; esaterako datuak artxibatzeko erabiliko den softwarea; bestetik, takografo berriak erabiltzen trebatzeko ikastaroak eta baita, sistema martxan jarri eta arazoak konpontzeko teknikarien kontratazioa. 

Betebehar batzuk zehazten ditu Administrazioak laguntza jaso ahal izateko. Takografoak jasotako datuak modu seguruan artxibatu eta kudeatzeko aplikazioak aukera eman beharko du informazio hori distantziatik modu automatikoan deskargatzeko, garraiolariak berak ezer ere egin gabe. Takografoen erabilerari buruzko ikastaroak gutxienez 6 ordukoak eta praktikoak izango dira laguntza jaso nahi bada, hau da, takografoarekin berarekin probak egin. Aparatuak martxan jarri edota zalantza, matxura edo edozein gertaerari aurre egiteko teknikariak kontratatzen badira gutxienez hiru hilabeterako izan beharko da. Bestela ez da laguntza jasotzerik izango. 

Esan bezala, 5 milioi euroko aurrekontua agortu arte edota 2024ko ekainaren 30era arte dago laguntza eskatzeko epea zabalik. Telematikoki egingo da, ondorengo helbide elektronikoan formulario bat beteta. https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2023/errepideko-garraio-enpresa-pribatuak-modernizatzeko-laguntza-programa/web01-tramite/eu/

Aparatuak, ministerioaren web orrialdean agertzen diren saltzaile ofizialei erosi behar zaizkie derrigorrez. https://www.mitma.gob.es/ministerio/proyectos-singulares/prtr/listado-proveedores-prtr