Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Kamioi haundi eta karga arriskutsuentzat murrizketak AP1ean, Bergara eta Maltzaga artean, Lesarriko tunelean

AP1ean, Lesarriko tunelean Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren sailak burutuko dituen konponketa lanak direla eta, zenbait trafiko murrizketa iragarri dituzte. Lanak, aipatutako tunelean Gasteizerako norantzan egingo diren arren bypassa jarriko da bi norabideetan, 2023ko irailaren 23tik 2024ko apirilera arte. Gainera, Salgai Arriskutsuen garraioan ari direnek debekatuta izango dute bide hau, eta baita 4,5 metroko altuera, zein 3 metroko zabalera gainditzen dutenek.

Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, lanegunetan auto ilarak sor daitezke puntu horretan, goizeko 07:00etatik 09:00etara bitartean Gasteizerako noranzkoan. Informazio gehiago nahi duenak, 011 telefono zenbakira deitu dezake, edota @trafikoaEJGV eta www.trafikoa.euskadi.eus begiratu. 

Bi tunelak berritzeko lanen aurrekontua 19.688.000 € da (gehi BEZa). Oraingo Gasteizko norabidean den tunela konponduko da eta apiriletik aurrera bestea. Bi hodiek 1.200 metroko luzera dute noranzko bakoitzean. Halaber, bi tunelak lotzen dituzten bost ebakuazio-galeriak ere berrituko dira. Galeria horietako lau, pertsonak ebakuatzeko dira, eta bat larrialdietarako ibilgailuak erabiltzeko.