Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Kamioiak konpontzeko laguntza urriak emango ditu Bizkaiko Aldundiak

Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera bitxia da garraio arloan; izan ere, esku batekin laguntzak onartu ditu sektoreari laguntzeko, gutxiago kutsatzen duten ibilgailuentzako bidesarietan deskontuak edo gizartearentzat eta ekonomiarentzat duen garrantziari buruzko sentsibilizazio-kanpaina burutu; eta, beste eskuarekin, bidesariak jarri dizkie jada nahikoa zigortuta dagoen garraiolariari. Nahiko baldintza estuetan den garraiolaria gehiago estutzen du. Aipagarria da, iaz Madrilek bideratutako kamioientzako 1.250 eurotako eta furgonetentzat 500 euroko laguntza zuzena ere oraindik ez dietela ordaindu Bizkaiko garraiolari guztiei. Batzuk bakarrik jaso dute momentuz. 

Laguntzak eta deskontuak iragarri dituzte baina eskasak dira eta ez dira sektore osora iritsiko. Badirudi laguntzak, propagandari eta flota handiei begira, erabaki dituztela. Baztertzaileak dira ez direlako guztientzat, garraio arina egiten duten profesionalak kanpoan utziko dituztelako. Azpimarratzekoa da, bestalde, Ekonomia Sustapen Sailak plangintzan jarri duen zenbatekoa urri geldituko dela eta ez dela Bizkaiko garraiolarien %10arentzat ere helduko. Milioi bat euro bideratu dituzte “sektorearen segurtasuna, lehiakortasuna, digitalizazioa eta iraunkortasuna hobetzeko”, baina ez da askorentzat iritsiko, kontuan hartuta bakoitzak 20.000 euro jaso ditzakeela gehienez, 4.000 euro ibilgailu bakoitzeko. Asko jota, sektoreak Bizkaian dituen 5.000 garraiolarietatik 500 inguruk jaso ahal izango du laguntza.

Hiruk behin baino gehiagotan salatu du garraio arloko zuzeneko laguntzak, Renove planak, kamioiak txatarrara eramateko edo beste zenbait motatakoak, flota handiei zuzenduta daudela, horiek baitira ibilgailu kopuruagatik horiek jasotzeko gaitasun handiena dutenak. Flota handi bakoitzak baimendutako maximoa jasotzen badu, eskatzaile bakoitzeko 20.000  euroak milioi bat euro horiek 50entzat bakarrik izango dira.

Pneumatikoak aldatu, segurtasuna modernizatu edo hobetu nahi dituzten garraiolariek urtarrilaren 16tik aurrera eska dezakete laguntza. Diruz lagunduko dira, besteak beste, gurpilak ordeztea, ibilgailuen aerodinamika hobetzea (spoilerrak, flap-ak, deflaktoreak), kabinan ofimatika-teknologia berriak jartzea, bai eta segurtasun-osagai berriak eta modernoak ere, hala nola gidatze-sistemak (erreietatik irteerak antzemateko, gidatzea kamera bidez kontrolatzeko), gurpilen presioa detektatzeko, alkohola erabilera saihesteko,  maniobragarritasuna hobetzeko (puntu itsuak eta atzealdea ikusteko), talkak arintzeko sentsoreak, nekea kontrolatzeko, istripuak erregistratzeko, suteak detektatzeko, edo larrialdiak edo larrialdi-deiak egiteko, besteak beste. 

Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuarekin batera, aurkeztu zituen bitarteko handiz prentsaren aurrean, Interbiakek kudeatuko dituen dirulaguntza hauek. Badirudi garraio-sektorea axola zaiela iritzi publikoari begira, baina horixe soilik; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundia prentsa, irrati eta sare sozialetan sentsibilizazio-kanpaina bat egiten ari da azaroaz geroztik, ” egunero erabiltzen dituzun bost produktuetatik lau errepidez garraiatzen dira” eta “Uste duzun baino hurbilago” lelo eta sloganak erabiliz.

Gehiago ahalegintzen dira propaganda-kanpaina eta antzeko plangintzetan, garraioari benetan laguntzen baino. Adibidez, Bizkaian garraiolari guztiek ez dute jaso kamioiko 1.250 euroko eta furgonetako 500 euroko dirulaguntza. Madrilek bideratu zituen laguntza horiek, gabonak baino lehen ordaindu ziren Gipuzkoan eta Araban. Bizkaian, garraiolari batzuek dagokien kopurua jaso zuten 2022. urtearen amaieran, eta beste batzuek oraindik ez dute jaso. Ez dakigu eta ez dugu ulertzen zergatik. Bizkaiko foru aldundiko garraio sailak adierazi du ordainketa bitan banatu zutela, eta “laster” ordainduko dutela.