Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Konponbidean jarri du Hiruk Nafarroan garraiolarientzako zerga-moduloen sistema ezabatzearen auzia

Garraiolariek zergak ordaintzeko erabiltzen duten moduloen sistema 2021ean kentzeko Nafarroako Foru Gobernuaren erabakiak Hiru sindikatua alerta egoeran jarri du eta agintariekin egin dituen zenbait bileren ondoren konponbidean jarri du auzia. 

Urtarrilaren 8an bildu ziren Hiruko ordezkariak, Elma Saiz, Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin. Nafar Gobernuko ordezkariak jakinarazi zuenez, BEZ zergan aldaketak egingo ditu Foru Ogasunak errenta aitorpeneko moduluen sistema ezabatzeak garraiolariei eragingo dien kalteak arintzeko. 

Nafarrokoa Foru Ogasunak zenbait neurri hartuko ditu, batetik 2020ko BEZa ehuneko 20an konpensatuko da. Bestetik ibilgailuak erosterakoan ordaindutako BEZa itzultzea posible izango da, erkidego barruko eragiketetan BEZa berreskuratu ahal izango da eta beste erkidegoetako BEZ kasuetan moduloa bateratuko da. 

Hiru sindikatuak uste du egindako eskaeren parte bat kontuan hartu dela neurri hauekin eta abenduaren 10eko bileran agindutakoa bete dutela. Hiru oso kezkatua zen “erabaki horrek Estatuko beste garraiolariekiko aldea ekarriko zuelako”. Horregatik eskatu zien agintariei luzapena, negoziaketa eta protesta egin zuen azaroaren 28an Ogasunaren egoitzaren aurrean. 

Errentaren 2021eko Zergan garraiolari nafar autonomoen jardueraren errendimenduaren kalkulurako  moduluen erregimena ezabatzeko  Nafarroako Foru Gobernuaren erabakiaren aurrean, Nafarroako HIRU Sindikatuak kontrako jarrera azaldu du, argi daukalako erabaki honek Estatuko gainontzeko garraiolariekiko lehiakortasun arazo larri bat sortzen duela.

Erabaki hori hartu zuten nafar parlamentuko talde politikoekin bildu da Hiru, garraiolari autonomoen egoera azaldu, eta aldi berean atzerapen bat eskatzeko, hau da, garraioko langile autonomoen etorkizuna babestuko duen egoera fiskalera iristeko, eztabaida prozesua hasi eta egoera fiskal berria adostu. 

Horrekin batera kalera atera ziren garraiolariek azaroaren 28an publikoki euren haserrea eta zerga aldaketa horren aurkako jarrera adierazteko. Euren ibilgailuekin Iruñeako Eskiroz kalean elkartu ziren  Nafarroako Ogasun Egoitzaren aurrean.

Abenduaren 10ean bildu zen HIRU Sindikatua  Oscar Martinez de Bujanda Estenoz, Nafarroako Foru Ogasun saileko zuzendariarekin. Aurkeztutako aldarrikapenen artean zen luzapen eskaera. Lege Proiektua parlamentuan dagoela erantzun ziguten. Baina konpromisua hartu zuen bilera berean garraiolariek beste zergetan duten baldintza fiskalak ikertzeko eta Foru Ogasunak berrikusiko dituela agindu.

Nafarroako HIRUren ustez, negoziaketak irauten duen bitartean, PFEZn moduluak ezabatzeko erabakia eten eta neurria bertan behera utzi beharko litzateke: garraio sektorearekin adostutako fiskalitate propio eta egokia da helburu.