Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Lan erreformaren aurka mobilizatuko dira euskal sindikatuak urtarrilaren 30ean

Lan Erreforma honi ez! leloarekin, Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte ELA, LAB, STEILAS, ESK, ETXALDE eta HIRU sindikatuek urtarrilaren 30ean; bestalde, aldarrikapen horren eta mobilizazio horien aldeko atxikimenduak biltzen ari dira sindikatuok. Ondorengo helbidean egin daiteke atxikimendua: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSdjm7P_fPlIu6ZAUwVFFZ73q4cdItuiPtqHisj9NDQ3qKJM9g/viewform

Euskal sindikatuek argi adierazi dute Madrileko Gobernuak, sindikatuek eta enpresarien elkarteak adostutako erreformaren aurkako jarrera: “Madrileko gobernuak CCOO, UGT eta CEOEren adostasunarekin aurrera atera nahi duen lan erreforma ez da langile eta herri sektoreok behar dugun erreforma. Inoizko aurrerakoiena omen den Gobernuak ez du emandako hitza bete, ez du indarrean zegoen eta langile eta herri sektoreon prekarizazioa areagotu zuen lan erreforma derogatu”.

Euskal sindikatuen iritziz, “enpleguan ematen den prekarizazioak, zuzenean du eragina oro har bizitzaren prekarizazioan. Bizitzaren garestitzea areagotzen den bitartean langile eta herri sektoreon bizi baldintzak okertu besterik ez dira egiten: argindarraren prezioak zein oinarrizko produktuen prezioak gora egiten duten bitartean, gure soldatek, pentsioek eta oro har bizi baldintzek okerrerantz egiten dute”.

Sindikatuek, beste euskal eragileei gonbidapena luzatu die aldarrikapen horien alde egin dezaten eta adierazpenarekin bat egin, besteak beste, “herri honetako gazte mugimenduek, pentsio duinen aldeko borrokalariek, feministak, antimilitaristak, ekologistak, arrazakeriaren aurkakoak, independentistak, antifaxistak, eskubide sozialen aldeko aktibistak eta herri mugimenduetako hainbat eragilek aldaketa sozial sakon eta erradikalaren beharra aldarrikatzeko. Benetako norabide aldaketa, patronalaren interes eta beharrak baino pertsonon eta planetaren bizitza eta zaintza lehenetsiko duena eta pertsona guztiak eskubide guztiak premisaren baitan burujabetzak egikaritzeko aukera emango diguna”.

Urtarrilaren 30an hitzordu garrantzitsua dugu Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean. Ez da beraz geldiri egoteko unea. Mobilizazioa, elkartasuna, elkarlana, konfluentzia eta borroka dira ditugun tresnarik eraginkorrenak. Lan erreforma honi ez!