Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Lana uzteko laguntzak 65 urte beteta dituzten garraiolarientzat ere ez dira iristen

Jarduera bertan behera uzteko emandako diru-laguntza ofiziala ez zaie iritsi ezta 65 urte beteta eta erretiroa hartzeko eskubidea duten garraiolariei ere. Horietako batzuek, 65 urtetik gorakoek eta lanerako ezintasuna aitortua dutenek baino ez dute jaso; gainerako guztiak kanpoan geratu dira, nahiz eta Madrilgo Gobernuak eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak laguntzaren zenbatekoa bikoiztu, 20 milioi euroraino. Aurretik ere salatu zuen Hiru sindikatuak ez zela nahikoa izango. Argi dago ezin zaiela aurrez erretiratzeko laguntza deitu, eskatzaileetako askok laguntzaren zain jarraitzen baitute lanean, erretiratzeko adina eta eskubidea duten arren.

Errepideko garraioaren jarduera uzteko laguntza deituriko hori jaso ahal izan duten pertsonen zerrenda argitaratzeak agerian utzi du garraiolariak oso urrun daudela 60 urterekin erretiroa hartzetik. Beste zeregin batzuetan ari direnak, bai, aitortuta dute arrisku handiko jarduerak direla, hala nola poliziak, suhiltzaileak, meatzariak eta bitxikeria gisa artistak eta toreatzaileak ere baldintza batzuk betez. Horiek, bai, 60rekin erretiratu daitezke. 

Ez jarraipenik, ez erretiro aurreraturik
Sarritan kritikatu dute garraiolariek, laguntza inoiz ez dela iristen aldez aurretik erretiratzeko, urtero berdina gertatu dela, ez dela nahikoa, eta, areago, garraiolari autonomoak merkatutik desagerrarazteko erabili dela. Garraio-txartelak kentzeko. Era berean, argi dago ez dagoela belaunaldi aldaketarik. Garraioak ez du interesik sortzen gazteen artean, eta ez dago horretan aritzeko prest dagoen gazterik, lan-baldintzak hobetzen ez baldin badira behintzat. Horrela, garraiolari autonomoa desagertzeko arriskuan dagoen espezie bihurtu da.

Hiruko afiliazio-datuek hori berresten dute: sindikatuko garraiolari autonomo gehienek 50 urte baino gehiago dituzte. IRU Nazioarteko Erakundearen txosten batek ere egiaztatu du, lau gidaritik hiruk 50 urte baino gehiago dituztela, eta hortik ondorioztatzen du istripu-arrisku handia dela eurentzat eta errepideko gainerako erabiltzaileentzat.

Argi dago ezin dela erretiro aurreratuaz hitz egin azken urteetan laguntzak 67 urterekin erretiratzen zirenentzat soilik iritsi badira. 2022an banatu den kopurua bikoiztu arren, 65 urtekoentzat ere ez da iritsi. Beraz, ezin da esan jarduera aldez aurretik uzteko laguntzak direnik. 60 urtetik gorakoek, erretiroa hartu nahi badute ere, ez dute laguntza edo baliabiderik. Aurreko hiru urteetan, 67 urtekoentzat eta ezintasunak dituztenentzat baino ez zen iritsi. Horri ezin zaio erretiro aurreratua deitu. Datu horiek agerian uzten dute Administrazioak ez duela borondaterik garraiolariak aldez aurretik erretiratzen laguntzeko.

Laguntza eskatu duten garraiolarien bi herenek ez dute jasoko baliabiderik ez dagoelako. Diru-laguntza ez zaie iritsiko erretiroa hartzeko eskubidea dutenen erdiei ere. Kontuan izan behar da, garraiolari askok ez dutela eskatu ere egiten, aldez aurretik badakitelako ez dutela jasoko. Eta hori, aurten laguntza jaso dutenen kopurua bikoiztu egin delarik: 648k jaso du, 2021ean 328k. Dena den, agerian da ministerioak bideratzen dituen baliabideak ez direla nahikoak, eskaera egin duten garraiolarien % 60 baino gehiago laguntzetatik kanpo geratu dira, gehienak aurrekontua agortu delako, ezarritako baldintza guztiak bete eta egiaztatu arren.
2022ko laguntzen onuradunen eta baztertuen zerrenda esteka honetan kontsulta daiteke: https://cdn.mitma.gob.es/portal-web-drupal/mitma/docs/resolucion.prov.abandono.2022(f).pdf.xsig.pdf