Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Laneko osasunaren eta ezbeharren afera salatu dute euskal sindikatuek apirilaren 28an

Laneko osasunak eta ezbeharrek okerrera egin dutela salatu dute sindikatuek apirilaren 28an, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean: urtero bezala, Hego Euskal Herriko kaleetara eraman dute laneko osasunaren eta lan istripuen arazoa. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta manifestazioak egin dira, Bilbon (11:30, Moyua plazatik abiatuta) eta Iruñean (11:30, autobus geltoki zaharretik abiatuta). Aurtengo leloa, betikoa, “Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea”. Laneko ezbeharren eta osasunaren aferak arazo larri izaten jarraitzen duela eta arreta jartzea beharrezkoa dela salatu dute sindikatuek: “Covidak eragindako murrizketen ondorioz lan-jarduerak etengabe behera egin duen arren, Hego Euskal Herrian lan-ezbeharren kopuruaren igoera ez da eten, egoera kezkatzeko modukoa da: 2021ean, 2020rekin alderatuz, % 10,2 hazi da EAEn, eta % 16,7 Nafarroan”. 

Iaz, 2021ean, gutxienez 68 langile hil ziren lanean (48 EAEn eta 20 Nafarroan), eta, tamalez, aurten ez du hobera egingo, gutxienez 21 langile hil baitira lanean dagoeneko (18 EAEn eta 3 Nafarroan). Laneko gaixotasunei dagokienez, sindikatuek salatu dutenez, estatistika ofizialek benetako datuak ez dituzte jasotzen. “Hego Euskal Herrian bakarrik, gutxienez 17 pertsona hil dira amiantoarekin lotutako patologien ondorioz; hala ere, horrek eragindako 6 gaixotasun profesional baino ez dira jaso iturri ofizialen arabera. Ikaragarria da, ofizialki aitortzen ez bada ere, minbizi guztien %5 lan jardunaren ondorio dela, eta industrian ari diren langileen minbizi guztien %30 baino gehiago. 

Hori horrela bada, mutualitateen eta enpresen ardura da: “Sistematikoki ukatzen dute lanak eragiten dituela eta horretaz baliatzen dira enpresak, -ez dute prebentzioan inbertitzen- eta mutuak, -sendatzen erabili beharko lituzketen sosak aurrezten dituzte, kasu guztiak osasun-sistema publikora, Osakidetzara eta Osasunbidera, bideratuta-“. Jokabide makur horiek guztien artean ordaintzen ditugu. “urtetik urtera, lantokietako laneko segurtasunaren eta osasunaren egoerak ez du hobera egin Hego Euskal Herrian. Oinarrizko arazo dira enpleguaren kalitate txarra eta lan baldintza kaxkarrak, lan-ezbehar tasa altuaren arrazoi nagusia, alegia”. 

Laneko istripuen eta gaixotasunen atzean, besteak beste, azpi-kontratazioak, lan-erritmo altuak, giza baliabideetan edota bitarteko teknikoetan inbertsioen falta, edota informazio eta prestakuntzan gabeziak daude. Administrazio publikoetako arduradun eta kudeatzaile politikoek, ordea, ez dute beharrezko kontrolik jartzen, ezta zigor eredugarririk agintzen, egoera tragiko honi erantzuteko, enpresarien hutsegiteak, mutuen eta prebentzio zerbitzuen akatsak, zein gure osasuna eta bizitza galaraztera garamatzaten jokabide makur horiek aldatzeko. 

Beraz, EAEko eta Nafarroako gobernuei hainbat neurri eskatzen jarraitzen dugu: Enpresak hobeto kontrolatzeko Nafarroa eta Erkidegoan prebentzio zerbitzuen eta Lan ikuskaritzaren baliabide pertsonal eta materialak handitzea; Mutualitate eta prebentzio-zerbitzuak publifikatzea; osasunerako arrisku handia duten jardueratan dabiltzan enpresek arauak bete ditzaten kontrolak areagotzea; prebentzio arauak urratzeagatik zigortutako enpresen kontratazioa debekatzea; Hego Euskal Herriko enpresa guztietan arrisku psikosozialen ebaluazioak; eta azken urteotan asko ugaritu diren in-itinere istripuak saihesteko, eta ahal den neurrian gutxitzeko neurriak, batetik mugikortasun jasangarri plangintzak enpresetan; bestetik, errepideetan hobekuntzak batez ere istripu kopuru handia duten puntu beltzetan.