Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Lodisnak 580 autonomo faltsu baldintza kaxkarretan zituela dio Iruñeko Epaitegiak

Iruñeko Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak arrazoia eman dio Gizarte Segurantzari, eta epaian Lodisna SL garraio enpresa nafarrak berarentzat lan egiten zuten autonomo faltsuak baldintza kaxkarretan zituela egiaztatzen du, besteak beste, astelehenetik igandera lan eginaz, ordaindutako oporrik gabe eta kamioian bertan lo eginaz. Gizarte Segurantzak 4,3 milioi euro erreklamatu dizkio Lodisna SL garraio enpresa nafarrari, kotizazio sozialak aurrezteko asmoz autonomo faltsuen iruzurrezko erabileragatik eta arrazoia eman dio epaitegiak.
Epaiak “bazkide gidariek” zituzten baldintza prekarioak jasotzen ditu, besteak beste, trakzio-buruetan lo egiten zutela, astelehenetik igandera lan egiten zutela, oporrik, aparteko ordainsaririk edo antzinatasunik gabe. Izan ere, bazkide kooperatibista horietako asko Transilvaniatik (Errumania) zetozen, eta Nafarroara iristen ziren, Ryanair-etik Zaragozara zihoan hegaldi batean. Han jaso eta Garraioaren Hirira eramaten zituzten, duela gutxi ezagutzera eman den epaiaren arabera.
Epaiketan egindako frogetatik ondorioztatzen denez, gidariek “ez dituzte lanpostu egonkorrak eta kalitatezkoak lortzen, baizik eta lanpostu prekarioak eta besteren konturako langile gisa lor litzaketenak baino baldintza eskasagoetan: astelehenetik igandera egiten dute lan, lurreko garraioari buruzko araudiak ezartzen dituen atsedenaldiak soilik errespetatuz; ez dute baimen ordaindurik, ezta ordaindutako oporrik ere; 
Epaitegiak uste du lan-harremana zegoela Urbiola kooperatibako 580 langileen eta Lodisnaren artean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ikuskapen-jarduera bete eta ondoren demanda aurkeztu zuenean uste zuen bezala.
Magistratuaren testuak ondorioztatzen duenez, “Nahikoa zantzu daude egiaztatzeko Urbiola kooperatiba Lodisnako orduko bazkide bakarraren eta administratzaile bakarraren ekimenez eratu zela, azken enpresa horren mesedetan, eta ez bazkide kooperatibisten mesedetan; Lodisna izan zen kooperatibaren barne-bizitza eta garraio-zerbitzuak zuzendu zituena”. Epaiak adierazten duenez, Lodisnako administratzaileak berak aitortu zion Lan Ikuskariari “kooperatiba sortu zuela”, eta kooperatibaren erabaki garrantzitsuetan parte hartu zuela.
Era berean, epaiak dio Lodisna dela Urbiolako garraio-jarduera benetan zuzentzen duena. “Garraio-zerbitzuak esleitzen dituena da, ibilbideak planifikatzen ditu, gidariei jarraibideak ematen dizkie telefono mugikorreko aplikazio baten bidez, garraioan gerta daitezkeen gorabeherak ebazten ditu (matxurak, istripuak, atzerapenak, etab.), ibilgailuen dokumentazioa prestatzen du, gidariei txartelak eta telefono mugikorrak ematen dizkie, flota kudeatzeko programak titular eta kudeatzen ditu, gidatzeko denborak kontrolatzen ditu eta artxibatzen ditu, behin betiko kontrolatzen ditu kamioi bakoitzaren kostuak, eta abar.