Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Luhosoko Bake Artisauen askatasuna eskatuko dute euskal sindikatuek

Apirilaren 2an eta 3an, Parisen Bakearen Artisauen aurka egingo den epaiketa salatu, Molle-Haran eta Txetx Etcheverry bi auziperatuen askatasuna eskatu eta apirilaren 3an Euskal Herri osoan, zazpi hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute euskal sindikatuetako ordezkariek astearte goizean Bilbon prentsaren aurrean egin duten agerraldian. 

Prentsaurrekoan egon dira, Foro Sozialaren kide izandako LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuetako arduradunek eta jendarte zibileko hainbat ordezkarik, hala nola, Antxeta Irratia, Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari Zor, Gernika Batzordea, Herri Eliza, Hitz & Hitz, Bakea eta Duintasuna eta Sare Herritarra. 

Esan bezala apirilaren 2an eta 3an epaituko dituzte Parisen Bakearen Artisauetako kide diren Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry. Bakearen artisauen aurkako epaiketaren aurrean erantzuteko beharra partekatzen dutela nabarmendu dute sindikatuek, eta Ipar Euskal Herrian auzi hori dela-eta garatzen ari den dinamika zabalarekin bat egiten dutela adierazi.

LAB sindikatuko Igor Arroyok nabarmendu du Luhusoko epaiketak argi adierazten duela Euskal Herrian egondako bake prozesuaren izaera ezohikoa. Alde batetik, bi estatuetako egitura politiko, juridiko eta polizialek jarritako oztopoak izan direlako; eta bestetik, oztopo horiek gainditzeko egindako ahaleginak, ez soilik Ezker Abertzalearen aldetik, baizik eta Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko anitzen aldetik ere. “Euskal eragileen bultzadaz eta nazioarteko eragileen babesaz egin du aurrera konponbidearen agendak”, adierazi du.

Gaineratu du estatuek jarritako oztopoak ez direla guztiz desagertu, bake artisauen aurkako epaiketak erakusten duen bezala. Espainiako estatuari dagokionez, berriz, adierazi du azken legegintzaldian aurrerapausoak eman badira ere, bi eremutan dirau jarrera ukatzaile eta oztopatzaileak.

Lehenik eta behin, mugatuak izanda ere euskal instituzioek biktima guztien aitortzarako bideak ireki dituzten bitartean, Espainiako estatuak ez du halakorik egin; ez da egon gerra zikinaren, indarkeria polizialaren eta torturaren ondorioz eragindako minaren aitortzarik.

Bigarrenik, sakabanaketarekin amaitu bada ere, euskal presoei ezarritako salbuespenezko legedi penala eta penitentziarioa ez da erabat indargabetu. Kondenen luzapena helburu duen ingenieria juridikoa eraistea eskatu du, baita euskal presoek baldintzapeko askatasunerako ibilbidea egitea eragozten duen jarduera oro bertan behera uztea ere, hala nola, gradu aldaketaren aurkako helegiteak.