Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

Martxoaren 13an Fagor Ederlanen istripua izan zuen garraiolari gaztea hil egin da

Martxoaren 13an Eskoriatzako Fagor Ederlan enpresan larriki zauritutako garraiolaria hil egin da. 25 urte zituen eta hilabete egon da erietxean oso larri. Ostegun goizean protesta egin zuen Hiru sindikatuak, LAB, STEILAS, ESK, eta EHNErekin batera, TKV enpresaren aurrean, Arrasateko Markuleta poligonoan, istripua eta garraiolarien lan baldintzak salatzeko, “Patronalak eta Instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” leloarekin. Jadanik 18 langile hil dira urte hasieratik Euskal Herrian lan istripuetan, horietatik bost garraiolariak. 

Aipagarria da hil den pertsonaren adina, 25 urte besterik ez baitzituen. TKV taldeko Orixol Garraioak Arrasateko enpresarentzat egiten zuen lan. Eskoriatzako Ederlan enpresaren kanpoaldean izan zuen istripua, martxoaren 13an, goizeko 11.00etan, kamioian zeraman karga astuna gainera erori zitzaionean. Besteak beste buruan zauri oso larriak zituen eta hiru aste erietxean pasa ondoren hil egin da. 

Euskal sindikatuak behin eta berriro salatzen dute: langile asko hiltzen dela lan istripuetan; hala ere, Administrazioak ez du istripuak saihesteko neurri eraginkorrik hartzen. Eta badira istripu larri eta heriotza gehiago dituzten sektore jakinak; garraioarekin batera, basogintza, eraikuntza eta industria.  

Garraiolarien egoerak okerrera egin du eta eragina du horrek segurtasunean. Sektoreko langileek pairatzen dituzten baldintzak urtetik urtera estutzen eta gogortzen ari dira. Kasu honetan garraiolari gazteak zeraman karga mugitu eta heriotza eragin dio. Bihotzeko arazo asko ere izaten dituzte adinean aurrera doazen garraiolariek. Horregatik eskatzen diote Administrazioari 60 urterekin erretiratzeko aukera emateko. Bataz beste garraiolari bat hiltzen da hilero. Aurten urte hasiera latza izan da garraiolarien lan istripuen aldetik. Apirilerako bost garraiolari hil dira.