Hiru sindikatuak, beste euskal sindikatuekin batera parte hartu du otsailaren 3an Madrileko kongresuan bozkatuko den lan erreformaren aurka, igandean, urtarrilaren 30ean Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen egin ziren manifestazioetan. ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek deituta, kontzentrazioak egingo dira lantoki guztien aurrean otsailaren 2an, dekretuaren bozketaren bezperan.
Euskal sindikatuen deiari erantzunez, milaka lagun kalera atera ziren igandean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin diren manifestazioetan Kongresuan otsailaren 3an bozkatuko den lan erreformari ezetz esateko. Sindikatuek, horixe eskatu diote EH Bildu eta EAJri, euren ordezkariek ezezko bozka emateko PSOE eta Podemosek egindako erreforma proposamenari.
Lau hiriburuetan egin ziren manifestazioak eta Hiruk Donostian hartu zuen hitza, sindikatuko garraiolari autonomoek lan erreformaren aurkako mobilizazioarekin bat egiten dutela adierazteko: “Madrileko Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin, eta enpresariekin batera adostutako erreforma, onartu nahi dituzten aldaketak ez direlako langileok eta herritarrok behar ditugunak. Madrileko agintariak ez dira horren aurrerakoiak, langileen baldintzak are gehiago kaxkartu zituen PPren lan erreforma kenduko zutela esan zuten, baina ez dute hitza bete”.
Hiruko Jon Altuna ordezkariak Donostian manifestazioaren amaieran argi adierazi zuen lan eta bizi baldintza duinen alde mobilizatu beharra dagoela, hain juxtu gure sektorean ere baldintza kaxkarrak, zailtasunak, gabeziak eta etorkizunari begira ziurgabetasuna ugaritzen ari diren garaian. “Oro har ere, langileen egoera larriagoa da, euren baldintzak estutu dira, langileriaren hainbat urtetako borrokari esker lortutako eskubideak murriztu nahi dituzte eta agintarien asmoak zein erreformak mamitzen badira, oraindik gehiago estutuko eta murriztuko dira Enplegua edota lan baldintzak kaxkartzen badira, bizimodua bera kaxkartuko da, prekarizazioak eragin zuzena du bizi baldintzetan. Prezioak gora doazen eta bizitza garestitzen den heinean, langileen soldatak eta erretiratuen pentsioak hobetzen ez badira, oker gabiltza”.
Egoera zailak garraioan ere nabari direla salatu zuen: “Lan baldintza duinak ez dira errazak merkatuak garraio merkea eskatzen duen garaiotan. Errepideko langileen baldintzen bizkar lortzen dituzte enpresa handiek irabaziak, garraioa aspaldiko prezioetan da eta garraiolari autonomo txikiek ezin dute horrela segi. Garraiolarien kostuak handitzen dira, gasolioa oso garesti dago, bidesari berriak jartzen zaizkie, argi-indarra, eguneroko gastuak, dena doa gora, baina, hala ere, garraioaren prezioa ez da igotzen, azken finean faktura ez bada gastuen maila berean hazten, garraiolariaren irabazia jaten ari da eta, ondorioz, euren bizi baldintzak eurak ere kaxkartzen dira, tamalez”.
Garraio enpresa handientzat lan egiten duten hainbat gidari baldintza txar txarretan direla ere salatu zuen Altunak, “kamioian lan egiten dute, bai, eta kamioian jaten dute, kamioian lo egiten dute, azken finean kamioian bizi dira. Batzuek ederki aberasten ari dira besteak zapalduz; onartezinak diren baldintzatan lan egitera eta bizitzera eramanaz. Beraz, enpresa handiek garraio merkea eskaintzen dute gidariak estututa, eta bide batez, garraiolari autonomoen geroa ere kolokan jartzen dute, prezio horietan lan egitera behartuta. Arrisku handiak dira garraioan, bai lanbideari dagokionez errepidean lan egiten dutelako, eta bai inbertsioari dagokionez. Dirutza behar da hasteko eta gaur egun ez dago aurrera egiteko baldintzarik”.
Garraioan etorkizun oparo eta onik ez dela adierazi zuen Hiruko ordezkariak, ondorioz ez dela garraioan etorkizun oparorik, zahartu egin dela sektorea, gazterik ez dabilela kamioian. “Ekonomiarentzat, ezinbestekoak direla diote, baina urte hauetan Administrazioak ez die laguntzarik eman, jokabide makur eta onartezinen aurrean beste aldera begiratu dute, ez dira kontrolatu eta egoera oso larrian da sektorea. Horregatik eskatzen ari gatzaizkie, Euskal Herriko garraio sarea zaintzeko, garraioa merkatu eta kostuak gutxitzeko erabiltzen dituzten, kooperatiba faltsu, azpikontratazio eta beste trikimailuak kontrolatzeko, fakturetan gastuen gorabeherak islatzeko neurriak eta, oro har, gizarteak zein enpresek behar dituzten material eta produktuak garraiatzen ari direnen babesa. Gazteak garraioan hasi daitezen lan baldintzak hobetu beharko dira”.
Garraioaren sektorearen zailtasunak aipatu eta gero zenbait aldarrikapenekin bukatu zuen hitzaldia Jon Altunak. “Gurea horrela izanik, oro har, egiten diren politikak irauli behar dira, norabidez aldatu. Patronalaren interes eta beharrei baino, herritarren eta oro har planetaren etorkizunari begiratu, horien premiei erantzun eta lehentasuna eman. Inork ez dezan baldintza kaxkarretan lanik egin; denok bizi baldintza onak eta etorkizun duin bat ziurtatua izan dezagun”.