Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

N1 eta A15ean sarri dabiltzan garraiolariek deskontua izango dutela dio Oiarbidek

N1 eta A15 errepideak sarri erabiltzen duten garraiolarientzat deskontuak izango direla adierazi du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Azpiegitura diputatuak. Gipuzkoako Foru Aldundiak bi errepide horietan kamioiei 2023 hasieran ezarriko dien bidesariei Europako Batzordeak oniritzia eman diola jakinarazi ondoren, Oiarbidek adierazi du egitasmoak ez duela atzera bueltarik. “Ia Europa osoan egiten dituzten politikak dira, kutsatzeagatik eta lurzorua hondatzeagatik ordaindu egin behar dute. Bizkaiak datorren urtean indarrean jarriko du, Nafarroak ere bai eta Araba bide beretik dator; Europako Batzordeak ere Espainia behartu du horretara. Ez dauka atzera bueltarik honek”. Egia da Euskal Herriko Administrazioek garraiolariei bidesaria jartzea erabaki dutela, baina ez da Europak agindutako zerbait, denetarik dago Europan, errepide batzuetan ez dago bidesaririk eta beste batzuetan ibilgailu guztiek ordaintzen dute. Hemen tematu dira kamioiek ordaindu dezaten. Hiru sindikatuko garraiolariek argi dute bertakoek ordainduko dutela gehien, ez gora eta behera astean birritan pasatzen direnek, bertako garraiolariek, egunero hemengo errepidetan lanean dabiltzanak.

Aipagarria da, 2018an ere bidesaria jartzeari baimena eman ziola Europak, eta gero Euskadiko Auzitegi Gorenak atzera bota zituela bidesaria jartzeko eta kudeatzeko foru arauak baztertzaileak zirelako. Orain N1 eta A15aren ibilbide osoan jarriko dute bidesaria. 

Hiru sindikatuak betiko jarrerari eusten dio. Garraiolariak Euskal Herriko gizarte eta industrientzat lanean ari badira, zerbitzu publikoa egiten badute eta errepideak ondasun publikoak badira, horien konponketak ere publikoa izan beharko luke. Garraiolaria errepidean lanean ari da, errepidearen erabiltzailea garraiatzen duen zama da, ordaintzekotan garraiolariaren bezeroak ordaindu beharko luke eta administrazioak horretarako beharrezko erramintak abian jarri. 

Gainera gogor kritikatu du Administrazioen jarrera, esan bai, esaten dute garraiolariak ezinbestekoak direla, lan garrantzitsua egiten dutela gizarte eta ekonomiarentzat, baina gero, lagundu baino zigortu egiten ditu; bidesariak zigorra dira garraiolarientzat, gasolioaren prezioak gora egin duen garaian, sektorearen egoera larria gehiago estutuko dute, jakina baita zailtasun handiak dituztela garraiolariek gastuak bezeroei pasatzeko. 

Gipuzkoan EAJ eta PSEk gai honetan izan duen jokabidea gogor kritikatu du Hiruk, bidesariaren egitasmoaren kudeaketa tamalgarria izan da sindikatuaren iritziz, eta 2018an hasi zen bidegabekeriak eragin handia izan du, gainera, gipuzkoarrengan. Dirutza xahutu dute alper alperrik: inbertsio handia egin zen bidesaria kobratu ahal izateko, arkuak eta beharrezko azpiegitura martxan jarri, auzi judizialak ordaindu,… guztia diru publikoarekin ordaindu da. Aipagarria da, Hiruren ustez, arduragabekeria handia izan dela, bidegabeki kobratutako bidesarien dirua garraiolariei ez itzultzea. Automatikoki kobratutakoa ez du automatikoki itzuli Aldundiak. Zailtasun eta traba handiak jarri dizkie kaltetuei: Garraiolariek banan banan ordaindutakoen zerrenda egin eta eskaera aurkeztu behar izan du Bidegin; eskaera guztiak atzera bota dituzte eta orain epaitegira jo beharko dute dagokien dirua berreskuratu nahi duten garraiolariek. Bertan behera geratu ziren foru arauen bidez, guztira 38,5 milioi euro baino gehiago ordaindu zituzten garraiolariek hiru urtetan bidesaritan. Guztira 1.122 garraiolarik egin dute ordaindutakoa itzultzeko eskaera, guztira, 12,2 milioi euro. Atzera bota ditu eskaera guztiak Bidegik. Beraz, gutxienez 26 milioi euro berarentzat hartu ditu Aldundiak. 

Bidesaria N1 eta A15 errepideen Gipuzkoako ibilbide osoan jarrita epaitegiek araua baliogabetzea saihestu nahi du Aldundiak. Ez dago horretarako zirrikiturik Oiarbidek azpimarratu duenez, denei kobratzen baitzaie N-1 eta A-15 osoan. Hiruk dio garraiolari “denei” kobratzen zaiela, ez ibilgailu denei eta hori ere baztertzailera dela. Kilometroko 0,22 euro ordainduko dute 3,5 eta 12 tona arteko kamioiek eta 0,28 12 tonatik gorakoek. 

Harrigarria bada ere, Oiarbidek jakinarazi zuen errepide horiek egunero erabiltzen dituztenenentzat deskontuak egongo direla, “orain deskontuak lantzen ari gara, eta urte bukaeran aurrekontuen foru arauan sartuko dira”; hori ere seguraski, baztertzailea izango da, noizean behin erabiltzen dutenek ez dutelako laguntzarik izango.