Cookie Consent by FreePrivacyPolicy.com

N1 eta A15eko bidesariei buruz duen iritzia helarazi die HIRUk alderdi politikoei

Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak N1 eta A15 errepidetako bidesariaren aferari buruzko iritzia eta eskaerak helazari die Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoei. Horrela, asteazken eta ostegunean egindako bileretan Gipuzkoako Foru Aldundiak duela hiru urte N-1 eta A15 errepideetan kamioiei jarritako bidesari sistema kautelaz eteteko eskaera jakinarazi diegu, eta baita garraiolariei 2018ko urtarriletik 2019ko maiatzera bitartean modu irregularrean kobratutako zenbatekoak automatikoki eta ofizioz itzultzeko ere. Hain juxtu tarte horretan egon zen indarrean bidesarien sistema ezarri zuen foru-araua, martxoaren hasieran Auzitegi Gorenak atzera bota duena.

Asteazkenean eta ostegunean, EAJ, EHBildu, PSE, Podemos eta PPko batzarkideekin egindako bileratan, sektorearen errealitatearen eta zailtasunen inguruan duten ikuspegia ere partekatu dute sindikatuko ordezkariek.

Garraio saileko eta Bidegiko arduradunekin ere bilera eskatu du sindikatuak, baina oraingoz ez dugu erantzunik jaso. Dena dela, Aintzane Oiarbide diputatuak publikoki adierazi du ez dutela garraiolariei bidesariak kobratzeko sistema eteteko asmorik, eta Auzitegi Gorenak prozedura arautzen duen bigarren araua baliogabetzen badu, hura egokituko dutela tasa biltzen jarraitzeko. Bidegabeki kobratutakoa itzultzeko asmorik ez du adierazi Oiarbidek, momentuz ez dela eskaera batere jaso esan zuen. 
Foru Aldundiko Mugikortasun¡ eta Garraio Departamentuaren jarrera kritikatu du Hiruk, auzitegiek behin eta berriz baliogabetutako sistemari eusteagatik eta bere kezka adierazi, jarrera horrek interesak, errekarguak, zigorrak eta zentzugabeko kostuak sortuko dituelako, guztion diruarekin ordaindu beharko direnak. 

Sindikatuaren ustez, Administrazioak arduragabekeriaz jokatu du eta sistema kautelaz eten beharko luke. Era berean, modu irregularrean egindako kobrantzen itzulketa ofizioz egin dadila eskatzen du, garraiolariek ez dezaten erreklamaziorik egin beharrik izan. Tele-ordainketako sistema automatikoa da, erabiltzaileen datu guztiak dituzte, eta ez dago arrazoirik itzulpena ez egiteko, gutxienez 2018ko urtarrilaren 8tik 2019ko maiatzaren 14ra baliogabetutako lehen araua indarrean egon zen aldian kobratutako bidesariena.